Enpresaren zuzendaritzak martxoan jakinarazi zuen Laudioko biltegia Langraiz Okara mugituko zuela. Hori dela eta, oharra plazaratu du Laudioko LIDLeko Langile Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta Independeteek osatua).
Izan ere, euren esanetan, iaz enpresaren zuzendaritzak behin baino gehiagotan ziurtatu zien langileei Langraiz Okan biltegi berria eraikitzen bazen Laudiokoa mantendu egingo zutela. Hala ziurtatu dute Langile Batzordeko kideek. Horregatik, “engainatuak” sentitzen direla nabarmendu dute.
Komiteko kideek gogorarazi dute lan-hitzarmena negoziatu zutela iaz, gaur egun enpresan indarrean dagoena. “Lan hitzarmen propioa duen LIDLen lantegi bakarra da Laudiokoa. Beharginen borroka eta sufrimendu urte askori esker lortu da hitzarmena, eta azken unera arte defendatu behar da”.
Lan hitzarmen hori desagerraraztea da zuzendaritzak lantegia tokiz mugituta izango lukeen asmoa, langileek salatu dutenez. Gauzak hala, enpresarekin negoziatzen ari da Batzordea, “gaur egungo langileen trasladoa ahalik eta leunena izan dadin, enpresaren beste lantegi batzuetara mugitzearen aukera baloratu edota kalte-ordainak negoziatzearekin batera”.
300 pertsona baino gehiagori eragingo die
Gaur egun LIDLek Laudion 200 behargin inguru ditu, gehienak emakumezkoak. Hala ere, leku aldatzeak ez ditu enpresako langileak soilik kaltetuko, komiteko kideek ustez. “Gaur egun bertan lanean ari diren azpi-kontratatutako enpresei ondorioak ekarriko dizkie, eta baita inguruko saltoki eta establezimenduei ere”. Batzordeko kideen kalkuluen arabera, beste ehun laguni ere eragingo die zuzendaritzaren erabakiak.
Batzordeak nabarmendu du LIDL Laudio dela eskualdean familia kontziliazioa eta enplegua gehien sustatzen dituen lantegietako bat. Horregatik, Langraitz Okara mugitu behar izateak lan-baldintzak kaskartuko dituela azpimarratu dute, “langileak egunero 2 ordu eta 50 kilometroko bidaiak egitera derrigotuko dituelako”.
Hori dela eta, negoziazioak “ahalik eta lasterren” bideratzea espero du komiteak, “egoera honek langileengan sortzen duen ezinegonarekin amaitzeko”. Egoera “larria” dela azpimarratu dute beharginen ordezkariek, eta jasotako elkartasun eta babes keinuak eskertu dituzte.