Ander Añibarro Laudioko EAJren alkategaiak hasi du ekitaldia. Lau urteko balantzea egin du: "2016tik hona zer egin du EH Bilduk? Orain egiten ari dira Ugarteko plaza, Antzokia, Nagusien egoitza...". EAJren proiektuen inguruan mintzatu da segidan, potentzia ekonomikoaren garrantzia nabarmenduta. "Laudiok esnatu behar du, eta horretarako EAJ da bidea". 70 ekimen planteatu dituzte, 3 ardatzetan banatuta. Auzoena da lehenbizikoena, azpiegitura eta zerbitzu duinak. Bigarrenik, pertsonen arreta areagotzea proposatu dute, gazte zein heldu, "gizarte politika aurrerakoiak jarriko ditugu martxan". Eta, azkenik, enpleguarena, sustapen ekonomikoa. Horrez gain, kultur espazioak sortuko dituzte, Añibarroren hitzetan. "Laudiok merezi duen tokia behar du, asko dugu jokoan: Laudion gobernu proiektu ilusionagarria edo etsigarria izatea".
Marian Olabarrieta Arabako Batzar Nagusietarako hautagaia igo da oholtzara ondoren. Laudion hasi zuen ibilbide politikoa Olabarrietak, eta jeltzaleen eredua defendatu du: "Kaleak, herriak, probintzia eta lurraldea hobetzeko". Laudio, Aiara, Amurrio, Artziniega eta Okondoko EAJren lana goraipatu du: "EAJren ereduarekin egin dugu lan. Gure programak serioak, errealistak eta pertsonekin konprometituak dira". Arabako Foru Aldundian eskuratutako lorpenak aipatu ditu jarraian, etxez etxeko laguntza, egoitzetako plazak ugaritzea eta abar. "Gure helburua Araba eta Aiarako herritarrentzat proiektu ilusionagarriak errealitatera eramatea da", erantsi du.
Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusirako zerrendaburuak hartu du lekukoa gero. Jeltzaleen gidaritzari esker Foronda, AP1 eta AP68 bidesarietako hobariak, Garoñaren itxiera edota AHTa bezalako aurrerapausoak eman dira, bere iritziz. "EAJ da Arabako etorkizuna bermatzen duen alderdia. Araba Euskadiago bihurtu nahi dugu, eta Euskadi Europarrago". Araba abanguardia izatea izango dute helburu. Tokikotasunean zentratuta, Aiarako industria lider bihurtzearen beharrezkotasunaz mintzatu da, "hori da etorkizuna". Hala, maiatzaren 26an bi aukera egongo direla iradoki du: desegonkortasuna edo bermea.
Andoni Ortuzar izan da hitza hartzen azkena. Euskadi Buru Batzarreko lehendakaria alderdiei zuzendu zaie. EH Bilduri "mamotaren egunean" bizitzea leporatu dio, "egunero jaikitzea ezer gertatu eta egin gabe". Koalizio abertzaleari ezintasuna EAJri leporatzea egotzi dio: "Laudio motore ekonomiko eta soziala zen Aiara eta Bizkaiko zati batentzat. Orain, aurrera ez goazenaren sentsazioa dugu. Bildurentzat gobernatzea gestioa baino, indigestioa da". Zentzu horretan, enpresei arreta jarri behar zaiela nabarmendu du Ortuzarrek, "bestela ez dago enplegurik eta". Apirilaren 28ko hauteskundeen emaitzetan oinarrituta luzatu dio mezua PPri: "EAJren kudeaketari esker iragana da herri honentzat Maroto". Peter Pan bezala, Alderdi Popularra lurralde magikoaren bila dabilela aipatu du: "Apirilaren 28an bezala irabazi behar dugu maiatzaren 26an".