Atzo egin zuten PPkoek ekitaldi politikoa, Laudioko kasinoan. Alderdi popularreko aurpegi ezagun ugari hurbildu ziren bertara. Iñigo Pedruzok, Iñaki Oyarzabalek eta Alfonso Alonsok hartu zuten hitza.
Laudioko zerrendaburu Iñigo Pedruzo izan zen hitza hartzen lehena. Herri programako puntuak kontatu zituen nagusiki: Kasinoa hobetzea, parkea atontzea... Enpresak erakartzeko beharra izan zuen hizpide, Lidl-en leku aldaketaren haritik: "Gure beste ideia bat, bakarrik bizi diren edadetuentzat janari zerbitzua eskaintzea da, nagusienen konfiantza eta beharrak ezagutzeko".
Iñaki Oyarzabalek Foru Aldundirako proposamenak aurkeztu zituen. Lehenago, baina, Josu Urrutikotxearen atxiloketa eta polizien lana txalotu zituen: "Ternerari argitzeke dauden 300 erailketatik gora argitzeko eskatu behar zaio". Diputazioari dagokionean, hiru proposamen nagusi egin zituen: ekonomia berreskuratzea, zerbitzu sozialak handitzea eta bizitzadun herriak sustatzea. Enplegua areagotzeko enpresak, gazteak eta tokiko komertzioak bultzatu behar direla argitu zuen: "Nola? zergak txikituz... Iraultza fiskala egin behar dugu, familien alde egin, eta enplegua erraztu". Zerbitzu sozialetan edadetuak, aniztasun funtzionalak eta menpekotasuna duten pertsonak izan zituen gogoan, arreta hobetzeko helburuarekin. Zentzu horretan, Laudion edadetuentzat 50 plazako egoitza berria egiteko asmoa iragarri zuen, edota eguneko zentroa eraikitzeko. Horrez gain, zaintzaileen kontratazio plana bultzatuko du PPk, eta gazteentzat etxebizitza. "Diputazioan egon behar gara enplegua eta etorkizunerako aukerak lortu ezik ez dugulako bizitzadun herririk izango. Araba siglen gainetik jarri behar dugu, bozka konstituzionalista eskatzen dugu, batu behar gara gehitzeko".
Beste alderdiei kritikak Alfonso Alonsoren esku utzi zituzten popularrek. Kasinoari aipamena eginez, EAJ kritikatu zuten: "Ez dugu EAJk agintzea nahi. Hau ez da markesen finka, ezta nazionalistena ere". Apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzak txartzat jo zituen PPko liderrak, baina Espainiako mapa politikoaren irakurketa egin zuen hala ere: "Pedro Sanchezek gobernua osatu nahi du, baina ez digu ezer kontatu nahi. Podemos, EAJ, EH Bildu eta Katalanuniar independentistekin akordioa lortu bazuen behin, zergatik ez bihar?". Edozelan ere, espainiartasuna goraipatzearekin batera, herritarrak PP bozkatzera deitu zituen: "Euskalduna izan arren espainiarra naiz, hori da espainiarra izateko modurik eleganteena".