Ekitaldi bikoitza egin dute sozialistek gaur Aiaraldean. 11:00etan agerraldia deitu dute Artziniegan, eta 13:00etan Laudion ekitaldi politikoa.
Juanje Merchanek hasi du ekitaldia, azken lau urteetako balorazioarekin: "EH Bilduren proiektua ezereza izan da". Aldaketa sozialisten eskutik soilik etor daitekeela nabarmendu du Merchanek. Inmigrazioa, berrindustrializazioa, terrorismoa, langabezia... egoera askori egin behar izan dio aurre Laudiok, Merchanen aburuz. Herritarren arreta zerbitzuan sakondu du sozialistak, azpiegitura eta zerbitzuak eskasak direlakoan: "Ez dugu eskualdeko erietxearekin bat egiten. Arazoa ez da ohe gehiagorekin konponduko, zerbitzuak eta etxeko asistentzia hobetuz baizik". Adibide gisa, nagusienentzat jantoki soziala proposatu du: "Etxera eramateko aukerarekin edo bertan bazkaltzeko". Gazteentzat, berriz, etxebizitza bermatzeko instituzioekin elkarlana beharrezkoa izango dela aipatu du: "Alokairu sozial edo salmentetarako neurriak hartu beharko dira". Ekonomia suspertzeko egitasmoak ere azaldu dituzte sozialistek, "ehun enpresarialak zaindu behar ditugu, industriaguneak berriztatuz eta kontratu mugagabeak bultzatuz". Elkartegintzaren inguruan, aldiz, zentro erregionalen lana eta balioa goraipatu ditu, "dagozkien dirulaguntzak bermatu behar ditugu, ez udaletxeko kolapsoaren biktima bilakatu". Lamuza parkea berreskuratzeko plana ere kontatu dute: skate pistaren berriztapena, argiztapena hobetzea, lorategi botanikoak atontzea... "Laudio zuek merezi bezalakoa izatea nahi dut".
Paqui Macias Batzar Nagusietarako hautagaia taularatu da ondoren. PSE-EEren asmoak agertu ditu: "Kalitatezko enplegua bultzatuko dugu, Aiarako ondare naturala eta kulturala balioan jarriko dugu turismorako erakargarria izateko". Enpleguari dagokionez, Maciasek azpimarratu du azken hiru urteetan laukoiztu egin dutela aurrekontua, "2016tik 20 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu Laudion eta Amurrion sozialistek eskualdean enplegua sustatzeko". Azpiegituren alorrean, poligonoak berritzeko beharra azpimarratu du: "A-625 errepidea hobetzeko obra jarri dugu martxan horretarako, Amurrioko industriagunerako sarbidea errazteko eta Nerbioiko Parke Linealaren testuinguruan txirrindulari eta ibilgailuen segurtasuna hobetzeko". PSE-EEk bultzatutako ekimenak ekarri ditu gogora: Lamuza parkeko Musika etxea, autobusen konexioak, autopistetako hobariak, foru aldundiaren bulego zerbitzuak ugaritzea eskualdean, Artziniegako Museoa irekitzeko negoziaketak... "APILL eta APYMCAko ekintzak antolatzeko diru-laguntzak ahaztu gabe".
Cristina Gonzalez Diputaziorako hautagaiak, ordea, boto sozialistaren garrantzian sakondu du: "Boto sozialista bakoitza da gakoa ezkerretik gobernatzeko Araba eta bertako udalak. Kudeaketak bermatzen gaitu". PSE-EEren proposamenei esker, AP-68 bidesarian aiararrek hobariak izango dituztela adierazi du, "baita Bilbora joateko ere". Instituzioetatik enplegua eta ekonomia aukerak ugaritzea defendatuko dute, Gonzalezen hitzetan: "Industria eta errepidea modernizatu behar dira. Bide eroso eta seguruak behar ditugu landa eremuetan ere; herrietako deshazkundeari aurre egiteko, Saratxoko saihesbidea kasu". Halaber, bide segurtasuna hobetzeko, txirrindularien segurtasunerako planak osatuko dituzte. Horrez gain, turismoan aurrerapausoak emateko Arabar Errioxa eta Aiara lotzen dituen ibilbideetan sakonduko dute.
Nola Juanje Merchanek hala Cristina Gonzalezek Lamuzako eraikinen zaharberritze proiektua sozialistei esker gauzatu dela erantsi dute.