Parte hartzea da indartu nahi duten puntuetako bat. Aurrekontu parte-hartzaile eta lotesleak garatu nahi dituzte horretarako. Gardentasuna ere bermatu nahi dute, informazioa emateko arduradunak izendatuta eta oposizioari informazioa lortzeko bermeak emanda, besteak beste.
Horrez gain, ordezkari politikoen soldatak mugatu nahi dituzte. “Hautetsien soldatak, gehienez ere, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren halako bira mugatzeko konpromisoa hartzen dugu” ziurtatu du Miguel Burdallo alkategaiak.
Nerbioiko saneamendua
Nerbioi ibaiaren egoera ere izan dute hizpide koalizioko kideek. Aiaraldeko Ur Patzuergoa sortzea proposatuko dute horretarako, eta kontrol zorrotzagoak ezartzea bultzatuko dute, isurketak ekiditeko. Era berean, araztegien eraikitzea “arintzeko” lan egingo dutela gaineratu dute talde politikoko kideek. Kutsadurara baino, turismora lotu nahi dute ibaia. “Nerbioiko urak garbi egongo balira turismoa erakartzeko baliabide bat izango lirateke, arrantza egiteko edota bainatzeko tokiekin”.
Berdintasuna
Berdintasun arloa indartzeko beharra ere nabarmendu du Elkarrekin Podemosek. Arlo horretaz berariaz arduratuko den sail bat sortu nahi dute udalean, “behar adinako aurrekontua izango duena”. “Tokiko erakundean zein herritarren parte-hartzerako organo eta kontseiluetan berdintasuna nahitaez ezarriko duen erregelamendu bat sortu behar da”, nabarmendu du Ester Palacio Garciak. Hautagai-zerrendako hirugarren kideak aurreratu du hainbat ekimen burutuko lituzketela arlo horretan, “diskriminazioa eta indarkeria matxista ikusezinak” detektatu eta borrokatzeko. “Besteak beste, enplegu-programak garatuko genituzke genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, emakume migratzaileentzat, asiloa eskatzen duten emakumeentzat, trans emakumeentzat eta prostituzio-egoeran dauden emakumeentzat”.
Berrindustrializazioa
Horrez gain, eskualdea “berrindustrializatzeko” estrategia bat garatzea proposatu du talde politikoak, “kalitatezko enplegua mantendu eta lanpostu berriak sortzeko”. Hala ere, fabrikek “trantsizio ekologikora egokitu” behar dutela gehitu du koalizioak. “Trantsizio horri heltzeko beharrezkoak diren aldaketen inplementazioa ez da soilik enpresen eskutik etorriko, administrazioek ere bilakaera hori erraztu behar dute epe ertain eta luzerako politika industrial berdeak ezarriz”, azaldu du Txema Ruiz de Apodaca Batzar Nagusietarako Aiaraldeko hautagaiak. Industrialde zaharkituak bere onera ekartzea ere bultzatu nahi dute, “jarduera ekonomiko berrien ezarpena errazteko eta lurzoru berrien okupazioa saihesteko”. Industriguneek behar dituzten azpiegiturak eraikitzeko prest ere azaldu da Miguel Burdallo alkategaia, “enpresa berriak erakarri eta eskualdean ezar daitezen”.
Kanpaina itxiera
Gaur goizean egin du koalizioak kanpaina amaierako ekitaldia Laudion. Bertan, hautagaitzako kideek ohartarazi dute PSE-EEri edo eskuinari botoa ematea “gauza bera” dela. “Elkarrekin Podemos da proiektu barne-hartzaile, feminista, solidario eta jasangarrietan aurrera egiteko aldaketarako berme bakarra”. Euren ustez, aldaketa hori ez da inoiz PSE-EE eta EAJren arteko “komenentziazko bikote ezkonduarekin” etorriko. “Proposamenak egiteko asmoarekin hitz egin dugu beti, aurkarien kritikei kasurik egin gabe. Gu ez gaudelako hemen denbora alferrik galtzeko, jendeari arreta eskaintzeko eta gure programari buruzko informazioa emateko baizik”, azaldu du Miguel Burdallo alkategaiak.