Iñaki Moskoso arduratu da alderdi laudioarraren aurkezpena egiteaz, umorea eta abestiak tartekatu dituen bakarrizketa baten bidez.
Nerea Gonzalez igo da gero oholtzara. Omniako zinegotziak aldarrikatu du alderdi laudioarraren unea heldu dela. “Guztiok eman behar dugu bultzada herri hau eraldatu ahal izateko. Batzuk ikusezin bilakatu nahi gaituzte, baina ahaztu egiten zaie loratu egingo diren haziak”.
Alvaro Barrios izan da hitza hartzen azkena. Alkategaiak Omnia osatzen duten pertsonengan jarri du fokua. Eskerrak eman dizkie azken lau urteetan Omnian militatzen aritu diren pertsonei, eta eginiko hauteskunde-kanpaina jarri du balioan: “Aurreko batean beste talde politiko bateko kide batek esan zidan diru asko gastatzen genuela propagandan. Baina egin dugun guztia gure kabuz egin dugu, eskuz, beste alderdi guztiak uneoro telebistan agertzen ziren bitartean”.
Horrez gain, ohartarazpen bat bota die Barriosek plazan bildutakoei: “Alkate izango naizenean egon ziur huts egingo dudala batzuetan, baina ez dut nahita huts egingo”. Euren hiru printzipioak nabarmendu ditu alkategaiak: Zintzotasuna, kalitatea eta esentzia. “Politika egiten duen auzokide talde bat gara, ez alderdi bat”.