“Oposizio eraikitzailea” egingo du EH Bilduk datozen lau urteetan

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 31a, 12:04
Nagore Gomarak, Jon Ander Altubek, Natxo Urkixok eta Lamia Arcasek eskaini dute prentsaurrekoa. / Aiaraldea.eus

Koalizio abertzaleko kideak pozik azaldu dira, “EAJk udalerriko funtsezko proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi duelako”.

Prentsaurrekoa eskaini du Laudioko EH Bilduk gaur goizean iragan igandeko hauteskundeetako emaitzen balorazioa egiteko. Koalizio abertzaleko ordezkariek EAJ zoriondu dute, igandeko hauteskundeen “garaile argia” dela iritzita. Orain arte udal gobernuan egon den taldeko kideek ziurtzat eman dute Ander Añibarro izango dela Laudioko hurrengo alkatea. Era berean, aitortu dute igandeko emaitzak ez direla onak EH Bildurentzat. “Ez dugu irabazi eta, ondorioz, ezingo diogu jarraipena eman azken zortzi urteetako ibilbideari”, azaldu du Jon Ander Altubek. Hala ere, emaitzen balorazio sakonagoa egiteko herri batzarra deitu du talde politikoak, datorren ekainaren 6an 19:00etan Kultura etxeko Arraño aretoan.

Dena dela, Altubek nabarmendu du zinegotzi kopuru bera mantentzea lortu dutela eta, modu horretan, “udaleko bigarren indarra eta oposizioko lehena” bihurtu direla. “Ia 2.500 bizilagunen babesa jaso dugu, eta oinarri sendoa da hori”. Gauzak hala, koalizioak 2023ko udal hauteskundeetan jarri du “meta”, eta horri begira lanean jarriko dela jakinarazi du.

Bestalde, EH Bilduk gaineratu du “pozgarria” dela “espainiar eskuma” udaletik kanpo geratu izana. Era berean, koalizioak positiboki baloratu du EAJk  “udalerriko funtsezko proiektuekin” (antzokia, nagusien egoitza zaharraren berriztatzea eta Zubiko Etxeko liburutegia) aurrera jarraitzeko azaldu duen prestutasuna. “Orain arte garatutako gizarte ongizateko politikak eta lan-programak ez alboratzea espero dugu. Azken legealdian ez da murrizketarik egon laguntza sozialetan. Beste erakunde batek murrizketak egin dituenean udalak jarri du falta zen dirua”, nabarmendu du Altubek.

“Oposizio eraikitzailea”
Talde politiko independentistak jakinarazi du “oposizio eraikitzailea” egingo duela aurrerantzean. Zentzu horretan, azken legealdian (Udal Osoko Bilkuretan batez ere) egondako “giro txarra” baretzea espero du koalizioak, “herritarren interesen” eta “eztabaida politikoaren” mesedetan. “Hori da auzokideek eskatzen digutena: talde ezberdinen arteko akordio eta adostasunak lortzea”.

EAJren eta PSE-EEren balizko gobernu-akordioaz galdetuta, EH Bilduko kideek nabarmendu dute ez duela zertan txarra izan bi talde politiko horiek gehiengo absolutua izatea, “herritarren txeke zuri bat bezala ulertzen ez baldin badute behintzat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide