“Aniztasun handia dago buruko osasun arazoak ditugunon artean”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 10a, 17:35
Asasameko erabiltzaileak dira Estibaliz Camino Bengoa eta Maria Isabel Garcia Peña. / Aiaraldea.eus

Gaur da Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna. Asasam elkarteko ESTIBALIZ CAMINO BENGOA (Laudio, 1965) ETA MARIA ISABEL GARCIA PEÑA (Laudio, 1972) arazo mota horien inguruan mintzatu dira, euren bizipenetatik abiatuta.

Nola azalduko zenukete zertan datzan buruko osasun arazoak izatea? Nola bizi dituzue zuek?

Estibaliz Camino Bengoa: Niretzat penagarria da, baina beste edozein gaixotasun bezala. Gaixorik egotea ez da gustuko duzun zerbait. Ezgaitasun moduko bat da, baina bizitza normalizatua egiten uzten dizuna orokorrean. Tratamendu mediko bat duzu baina bizitzan ondo moldatzen zara, egonkor zaudenean edo depresio bat ez duzunean.

Nik bi gradu egin nituen Lanbide Heziketan: sukaldari laguntzailearena eta ostalaritza eta turismoarena. Lan Harremanei buruzko ikasketak egin nituen beranduago. Orain oso ondo bizi ditut nire buruko osasun arazoak. Ospitale espezializatuan sartu nintzenean buruko gaixotasunari buruz nituen estigma eta tabu guztiak erori zitzaizkidan, nire buruarekiko nituenak batez ere. Oso ondo moldatu nintzen bertan. Jende asko ezagutu nuen. Bakoitzak bere arazo eta bizipen propioak zituen: batzuek ikasketak zituzten, beste batzuk gazteak ziren...

Ez dago perfil zehatzik, beraz.

E.C.B: Ez. Ospitalean bazeuden memoria galdu zuten pertsonak, gaitz neurologikoren bat ere zutelako. Tabu guztiak erori zitzaizkidan.

Laguntza handia jasotzen dugu bizitzaren hainbat alorretatik. Buru osasuneko zentroak babestu egiten gaitu eta medikazioa nola hartu behar dugun esaten digu. Asasametik jasotzen dugu laguntzarik handiena, psikologoak eta alor horretako beste profesional batzuk daudelako: hezitzaileak, gizarte langileak... eurek ez zaituzte pertsona gaixo bezala ikusten, hori zure parte den zerbait delako. Ez da gaixotasun bat: alderdi ugari ditu bizitzan, garatu daitezkeenak eta traumatik ateratzen lagundu ahal zaituztenak. Lan egin dezakezu, ikasi, denbora librea izan... nik orain Asasamen tailer okupazionalean baino ez dut lan egiten. Urte batzuk eman nituen lan egiten eta orain pentsio bat jasotzen dut.

 

“Buruko osasun arazoak ditugun emakumeok diskriminazio bikoitza pairatzen dugu”

 

Maria Isabel Garcia Peña: Niretzat, buruko osasun arazo bat honetan datza: une batean konturatzea buruaren aldetik ez zarela ondo sentitzen. Une zehatz batean izan ditzakezun sintomak dira, baina beharrezko babes, laguntza eta baliabideekin (elkarteetara edo osasun zentrora joz) beste edozein pertsonaren moduko egonkortasuna lortu dezakezu eta bizitza erabat “normala” egin. Ez zait “normal” hitza gustatzen, hain da erlatiboa. Baina bizitza betea eta egunerokoa bizi dezakezu, beste edozein pertsonak bezala.

Batzuetan garrantzi gehiegi ematen zaio diagnostiko bat izateari, baina ez da horren berebizikoa: une zehatz batean sintoma batzuk dituzu baina gero egonkortasuna lortzen duzu eta bizitza oparoa egin dezakezu.

E.C.B: Badaude halakorik erdiesten ez duten pertsonak ere, duten gaixotasun mailagatik. Baina zaintzak jasotzen dituzte eta egonkortasun apur bat lortzen dute.

Buruko osasun arazoak oso anitzak dira, beraz.

M.I.G.P: Bai, oso eremu zabala da, pertsona bakoitzak bere egoera propioa duelako. Aniztasun handia dago. Nik pertsonalki naturaltasunez esaten dut. Pozik nago daramadan bizitzarekin. Uste dut buruko osasun arazo bat diagnostikatu izanak lagundu egin nauela nire bizitza bideratzen. Horren ondorioz, orain gehiago zaintzen dut nire burua. Adiago jarraitzen ditut nire eguneroko ordena eta errutinak. Nire bizi kalitatea hobetu egin da.

Buruko osasun arazo bat izateak nire inguruan gertatzen diren zenbait gauzekiko sentsibilitate handiagoa izatea eragin dit. Sentikortasun berezia garatzen duzu eta gauza batzuez kontzienteagoa izatea eragiten dizu horrek.

E.C.B: Pertsonak diren bezala baloratzen ikasten duzu, aniztasun funtzionala izan edo ez.

M.I.G.P: Ni une honetan lanean nago eta gustura nago nire bizitzarekin.

 

“Batzuetan garrantzi gehiegi ematen zaio diagnostiko bat izateari, baina ez da horren berebizikoa. Une zehatz batean sintoma batzuk dituzu baina gero egonkortasuna lortzen duzu eta bizitza oparoa egin dezakezu” 



Buruko osasun arazo batekin normaltasunez bizi daitekeela aipatu duzue, baina estigmatizazioa ere hor dago, ez?

E.C.B: Nire ustez bai, estigmatizazioa pairatzen dugu. Hainbat mota daudela esango nuke. Norberak bere buruarekiko duen tabua da lehenbizikoa. Hori oso agerikoa da gaztea zarenean.  Ez duzu bizi-esperientzia handirik eta oso babesgabe sentitzen zara. Ez dakizu zer egin: ikasten jarraitu, lan egin... zure lagunek zurekin egon nahi ez dutela ikusten duzu, zerbait gertatzen zaizula ikusten dutelako. Ez zara gai jendearekin lagunarteko harremanak garatzeko. Ez duzu gainontzekoek gertatzen zaizunaren berri izatea nahi, ezkutatu egiten duzu. Ingurukoek zerbait gertatzen zaizula sumatzen dute eta euren bizitzetatik apartatzen zaituzte. Nik hori sufritu dut, eta mingarria da. Hori da estigma motetako bat. Horrez gain, zaku berean sartzen dira buruko gaixotasunak dituzten pertsona guztiak. Ezin da hori egin, bakoitza bakarra eta ordezkaezina delako. Egia da pertsona bakoitzak bere mugak dituela, gaixotasunik ez dituztenak ere.

M.I.G.P: Zure buruari jartzen diozuna da mugarik handiena. Egon daitezke oztopoak baina guk ere gaitasun handia dugu gauzak aldatzeko.

Jende askok zoramenarekin lotzen ditu buruko osasun arazoak. Zer esango zenukete horren aurrean?

M.I.G.P: Informazio faltagatik gertatu daiteke hori. Asasam elkarteak babesa eta baliabideak eskaintzen dizkie une txar bat igarotzen ari diren edo buruko osasun arazo bat duten pertsonei. Edozein  pertsonari gertatu ahal zaio hori. Buruko osasunaren alde egiten dugu lan elkartean eta familiei laguntzen diegu.

Diagnostikoa ez da horren garrantzitsua. Sintoma batzuk jazotzen dira, baina egonkortasuna lortuta bizitza normala egin daiteke, beste edozein pertsonak bezala. Hobeto sentiarazten gaituzten laguntza eta baliabideak jasotzen ditugulako jotzen dugu Asasamera. Gure bizi kalitatea eta gure familiena hobetzen dugu horrela.

Zer nolako ekintzak egiten dituzue Asasamen?

M.I.G.P: Jarduera asko garatzen dira. Etxez etxeko arreta zerbitzua dago. Tailer psikosoziala ere burutzen da, hainbat jarduerarekin: kirola, ariketa kognitiboak, abilezia sozialak, batzarrak, sukaldaritza saioak... gune lasaia da. Zentro okupazionala ere dago, lan merkaturatzera bideratuago dagoena. Eskulanak egiten dira, hizkuntzak ikasi, ortu ekologikoa atondu, trebezia sozialak garatu... besteak beste.

Nik lehen sarriago jotzen nuen tailer horietara. Une honetan ezin naiz horrenbestetan gerturatu lanean nagoelako. Moda diseinua ikasi nuen, baina garbitzaile moduan lan egiten ere pozik nago. Elkartegintzan ere ardura ugari ditut. Elkarteko zuzendaritzan, estatuko komiteetan eta hainbat batzordeetan hartzen dut parte. Asasamera ahal dudanean joaten naiz, oso ondo sentitzen bainaiz bertan. Nire bizitzaren parte da. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiot Asasami buruko osasunaren alde egiten duen lan handiagatik.

 

“Ospitalean sartu nintzenean buruko gaixotasunari buruz nituen estigma eta tabu guztiak erori zitzaizkidan”



Hobekuntzarik egon da buruko osasun arazoen normalizazioan?

E.C.B: Nire ustez bai. Zuk zurekiko edo zure senide batekiko duzun estigmatizazioa da garrantzitsuena. Buruko gaixotasuna duen anaia bat dut nik, eta 17 urtetan krisi ugari pairatu ditugu, orain oso egonkor dagoen arren.

Uste dut jendeak geroz eta gehiago ulertzen duela zertan datzan buruko osasun arazo bat izateak. Auzokideek hobeto ulertzen dute, Asasamen egiten dugun lanari esker batez ere. Hedabideek askotan arinkeriaz lantzen dute gaia.

Uste dut oraingo gazteek hobeto ulertzen dutela, pertsonen arazoak gehiago konprenitzen dituztelako. Ni gazteagoa nintzenean ez ziren halakoak ulertzen, baztertu egiten zen halako jendea. Lagun zirkulutik edota kuadrillatik apartatzen zituzten, atentzioa gehiagotan deitzen zitzaien... ez zegoen horrelako pertsonak tratatzeko trebetasun nahikorik.

M.I.G.P: Orain gehiago sustatzen da pertsonaren ahalduntzea. Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak parte hartzaileagoak dira orain euren osatze prozesuan. Bizitza independentea izan, lan egin eta familia bat sortu dezake, beste edozein pertsonak bezala. Pausoak eman eta lorpenak erdietsi dira, oraindik egiteko gauza asko falta diren arren. Hedabideei dagokionez, aipatuko nuke badaudela eurentzako gidak, informazioa nola eman ikasteko balio dutenak.

Buruko osasun arazoak izan eta emakumea izateak estigma bikoitza dakar?

M.I.G.P: FEDEAFESeko (Buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa) emakumeen berdintasunerako sailean nago. Elkarte horrek ikerketa ugari plazaratu ditu emakumeei eta buruko osasunari buruz. Buruko osasun arazoak ditugun emakumeok diskriminazio bikoitza pairatzen dugu. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, generoaren faktorea funtsezkoa da buru osasunean, generoak determinatzen duelako gizonek duten boterea eta kontrola eta emakumeek euren bizitzekiko dituzten ahalmen sozioekonomikoak. Posizio sozialak, gizartean jasotzen duten tratua eta arriskuak pairatzeko dituzten aukerak determinanteak dira. Depresioa, antsietatea eta kexa somatikoak emakumeek bereziki pairatzen dituzten gaitzak dira, eta ezgaitasun bat dutenei ere eragiten diete.

Beharrezkoa da arreta egokia bermatzea buru osasunerako zerbitzuetan, duintasunaren eta autonomiaren erabateko errespetuan oinarritutako arreta bermatzeko eta, modu horretan, ezgaitasunak dituzten pertsonen Nazio Batuen Erakundearen hitzarmena betetzeko.

Estatu mailan ere ari gara emakumeen eta buru osasunaren gaia lantzen, estatuko emakume sarearen bidez, Madrilen. Bertan parte hartzen dut nik.

 

“Uste dut buru osasuneko arazo bat diagnostikatu izanak lagundu egin nauela nire bizitza bideratzen”



Asasamen aurtengo kanpainan arreta berezia jarri nahi izan duzue suizidioaren gaian. Zer dela eta?

M.I.G.P: Urtero ospatzen dugu Asasamen Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna. Data hori baliatzen dugu buru osasunaren garrantzia nabarmentzeko. Aurten “Bizitzarekin bat egin” lema hautatu dugu. Buruko Osasunaren Munduko Federazioak hautatu du suizidioa aurten lantzeko gai gisa.

Suizidioaren gaiari modu transbertsal batean heltzea dugu helburu, modu horretan bere eragina ahultzeko. Kontuan izan behar dugu suizidioa osasun publikoaren arazo larria dela  edozein herrialdetan, jende askok egiten baitu bere buruaz beste urtero. Munduan urtero 800.000 pertsona suizidatzen dira, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera.

Espainian 2017an  suizidioa izan zen heriotzaren kanpo-faktore nagusia. 3.679 pertsona hil ziren, 2.718 gizon eta 961 emakume, aurreko urtean baino % 3,1 gehiago. Lotura bat dago suizidioaren eta buruko osasun arazoen artean. Suizidio kasuen %65-95 inguru oso erlazionatuta dago mota horretako arazoekin. Gaitz eskizofreniko bat duten pertsonen suizidio-tasa bederatzi aldiz handiagoa da. Depresio handien kasuetan, buruaz beste egiteko arriskua 21 aldiz handiagotzen da. Elikadura desoreken kasuan 33 aldiz handiagoa da eta drogomenpekotasunaren kasuan 86 aldiz handiagoa.

Horregatik, beharrezkoa da suizidioaren garrantziaz ohartaraztea eta arrisku egoeran egon daitezkeen pertsonak eta euren senideak orientatzea. Horrez gain, funtsezkoa da baita ere mitoekin eta ideia okerrekin amaitzea, estigmatizazioarekin amaitzeko.

 

“Suizidioa prebenitzeko beharrezkoa da gaiaz hitz egitea”

 

E.C.B: Suizidioa prebenitzeko funtsezkoa da oinarri emozional handia eta sinesmen batzuk izatea. Gaixotasuna onartu eta ezagutu behar da.

Zure buruari aitortu behar diozu une txar batetik igarotzen ari zarela, baina ez dela betirako, sufrimendutik ateratzen dela. Bizitza honetan denak du konponbidea.

Posiblea da hainbat arlotako arazoak (lana, sentimenduak...) gainditzea, tratamendu medikoarekin, laguntza psikologikoarekin eta familia edota lagunak bezalako beste babes batzuekin. Hori freno ona da suizidioa prebenitzeko.

M.I.G.P: Suizidioa prebenitzeko beharrezkoa da gaiaz hitz egitea, bere buruaz beste egitea pentsatzen ari den pertsona asko sufritzen ari delako. Inork ez du bere buruaz beste egin nahi.
Suizidioa prebenitzeko jarduerek gizartearen hainbat sektoreen arteko elkarlana eskatzen dute:  hezkuntza, lana, merkataritza, zuzenbidea, politika,hedabideak... ez da osasun arazo hutsa, gizarte osoari eragiten baitio. Egoera zaurgarrian dauden kolektiboekin esku hartzeak egitea ere aurreikusi daiteke: abusuak pairatu dituzten pertsonak, buruko osasun arazoak dituzten herritarrak, errefuxiatuak...

E.C.B: Hemendik omen txiki bat eskaini nahiko nieke buruko arazo bat izateagatik baztertuak sentitu diren pertsona guztiei.

M.I.G.P: Laguntza behar dutela uste duten pertsona guztiek hurbilen duten elkartera jo dezakete. Behar duten babesa eta laguntza jasoko dute bertan. Ez daude bakarrik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide