EH Bilduk beste bi milioi euroko inbertsioak proposatu ditu Laudioko 2020ko aurrekontuen barruan, udal gobernuak aurkeztutako zirriborroaren ekarpen gisa. Talde independentistak 560.000 euro inbertitzea planteatu du “kirol instalazioen konponketa eta hobekuntzarako”. Tenis pista bat sortzea, eskubaloi zelaiko zorua konpontzea, kiroldegia berritzea dira proiektu nabarmenenak.
Enplegua sustatzeko programetarako beste 300.000 euro bideratzea eskatu du oposizioko taldeak; eta beste hainbeste diru suhiltzaileen alboko parkea (180.000) eta umeentzako parke bat (120.000) estaltzeko. Beste 180.000 euro bideratu nahi ditu EH Bilduk Laudioko kale batzuk (120.000 euro) eta nekazal bideak konpontzeko (60.000 euro). Horrez gain, Udal hiltegirako 120.000 euro gorde nahi ditu taldeak.
Karmen kaleko nagusien etxea moldatzeko beste 90.000 euro inbertitzea ere proposatu du oposizioko taldeak, eta 60.000 euro emakumearen etxearen proiekturako. Berdintasunaren arloan, 10.000 euro bideratu nahi ditu EH Bilduk “gizonentzako berdintasun formakuntzarako”. Aretako kultur etxea berritzeko 60.000 euro, eta tokiko komunikabideak sustatzeko beste 60.000 inbertitzea proposatu du ere taldeak. Udal liburutegia egokitzeko Zubiko Etxean 62.000 euroko inbertsioa egitea ere proposatu dute.
Gainerako dirua honela banatzea planteatu du talde politikoak: Españica etxea botatzeko 60.000 euro, Euskaraldirako 50.000, gazteleku-haurtzaindegia Etxebarri baserrian kokatzeko 40.000, Udalbiltzarako 23.000, amiantoa ezabatzeko 3. faserako 18.150, Nafarroako uholdeetan uztailean kaltetutako herrientzat 18.000, trafikoa berrantolatzeko 6.000 eta memoria historikoa sustatzeko 5.000. Gainera, zinegotzien Gabonetako paketea gastuetatik kentzea eskatu dute EH Bilduko kideek.