Datorren ostegunerako deitua dagoen greba orokorra izan zuten eztabaidagai nagusi atzo Laudion eginiko Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen deialdiari babesa adierazteko. PSE-EEk, bere aldetik, mozio alternatiboa plazaratu zuen. Bietako bat bera ere ez zuen onartua izateko haina babesik lortu. Omniak EH Bilduren testuaren alde egin zuen, baina PSE-EE eta EAJ aurka lerrokatu ziren. Alderdi sozialistaren proposamenaren aurrean, aldiz, aurkako botoa eman zuten oposizioko bi taldeek, eta jeltzaleak abstenitu egin ziren.
Eztabaida luzea egon zen puntu horretan plenoko talde politikoen artean. Jose Mari Gutierrezek azaldu zuen osteguneko greba ez dela “defentsa greba” bat izango. “Greba deialdia egin dutenek ez dute beste desengainu bat izan arte itxarongo”, ohartarazi zuen EH Bilduko zinegotziak, eta eskualdeko egoera soziekonomikoari lotutako hainbat datu eman zituen, grebara batzeko arrazoi ugari daudela argudiatzeko. “Greba mobilizazio sozial indartsua izango da, oinarrian klase elkartasuna izango duena”.
PSE-EEk bere aldetik, “hauteskunde kanpainari hasiera emateko” bidetzat hartu zuen greba, eta Eskubide Sozialen Kartak egiten dituen aldarrietako askok “Pedro Sanchezen gobernuak” gauzatuko dituela nabarmendu zuen. Antzeko iritzia plazaratu zuen EAJk , greba “politikoa” zela eta Eskubide Sozialen Kartak eta “Ezker abertzaleari lotutako pentsionisten korronte batek” deitu zutela adierazita. Horrez gain, jeltzaleek gaineratu zuten ez zutela ELAren jarrera ulertzen, sindikatua ezker abertzalearen estrategia batekin bat egiten ari zela iritzita.
Omniak, bere aldetik, adostasunaren beharra jarri zuen mahai gainean. “Egia da badaudela greba babesten ez duten pentsionista taldeak”, azaldu zuen Alvaro Barriosek. Gauzak hala, lehentasuna batasuna mantentzea dela nabarmendu zuen alderdi laudioarreko bozeramaileak. “Pentsionisten defentsa egiten dugu beste edozeren gainetik, babesgabeen dagoen kolektiboa delako”.
Omniaren mozioa
Omniaren mozio bat ere eztabaidatu zen udalbatzan, oinezkoen guneetara ibilgailuekin sartzeko aukeren erregularizazioaren inguruan. EH Bilduk bat egin zuen proposamenarekin, eta PSE eta EAJ abstenitu egin ziren bozketan. Gobernuan dauden bi taldeek ibilgailuei sarbidea ematearen eta klima aldaketaren aurka borrokatzearen artean dagoen kontraesana jarri zuten mahai gainean, eta Hiri Mugikortasunerako “plan jasangarri” bat sortu nahi dutela aurreratu zuten.
Hemen ikusi daiteke plenoa osorik: