[ANALISIA] Laudioarrak hiltzen dituen epidemia lan istripuak dira, ez Coronavirusa

Aitor Aspuru Saez 2020ko ots. 5a, 11:47
Atzo Laudion egindako mobilizazioaren irudia. / Aiaraldea.eus

Hainbat hedabidek eta erakundek alarma piztu dute Coronavirusaren inguruan eta erakundeek azaldu dute zein neurri hartu dituzten. Ordea, Euskal Herrian tantaka hiltzen ari diren langileen afera modu isolatuan lantzen da. Azken 7 hilabeteetan 3 herritar zendu dira Laudion, eta 2020an 11 dira jadanik euskal lurraldean zendu hil direnak.

Uztailean Laudioko behargin bat hil zen Tubacex lantegian, herrian bertan. Irailean, aldiz, beste herritar bat zendu zen enpresa bereko azpiegituretan Amurrion. Azkenik, 40 urteko beste langile batek bizitza galdu zuen astelehenean Galdakaoko Hornos Industriales enpresan, beharrean ari zen bitartean.

20.000 biztanle baino gutxiago dituen udalerri batean 3 herritar galtzea arrazoi beragatik gertakari larria da. Oso larria.

Edonola ere, gaitz hori ez da bakarrik Laudioko eremuan gertatzen ari. Izan ere, 2020. urtea hasi zenetik 11 langile hil dira euren lanpostuan. Lagun bat hil da 3 egunean behin, gutxi gorabehera, bizirauteko eta dirua irabazteko beharrezkoa duen hori egiten zuen bitartean.

Zifrak anonimoak badira ere, eskualdean gehienok gara ezagunak eta laudioar bat nekez ez da kaltetua izango zoritxarrezko bolada honen ondorioz. Bidean geratzen den pertsona bakoitzeko badakigu hutsune bat geratu dela lankideen artean, familian, kuadrillan edota joaten garen taberna horretan. Badakigu gure inguruan sumatzen dugulako eta zenbakiei aurpegia jartzen diegulako.

Orain, zorigaitza biderkatu dezagun, ulertzeko benetan zer gertatzen ari den Euskal Herrian.

Lan-istripuek eragindako heriotzak arruntak bilakatzen direnean, naturalizatzeko arriskua dago. Izan ere, samina prebentzio eta lan politikak hauspoa bilakatu ordez, etsipen iturri bihurtzen dira.

3 hildako ezin dira kasualitatearen emaitza izan
Ez da kasualitatea lan merkatu gero eta prekarioagoan behin-behineko kontratuak edo azpikontratatuak dauden pertsonek istripuak izatea. Osasun arriskuak sozioekonomia eta kapitalismo basatiaren joeraren ondorioak dira.

Egun hauetan munduan dagoen psikosiaren lekuko gara Coronavirusa dela eta. Hedabideek azaldu digute erakundeak prest daudela eta ospitaletan solairuak prestatu dituztela propio birusari aurre egiteko.

Ordea, ez dugu ikusi Laudion 3 lagun hil dituzten lan-istripuen kontrako neurri zehatzik. Ez dugu larrialdi planteamenduen berririk izan, nahiz eta gure herrian heriotza 3 aldiz paseatu den gure auzokideen artean lan egiten zuten bitartean.

Datu ekonomikoek hobera egiten dutenean, Eusko Jaurlaritza, enpresariak eta Espainiar Gobernua borrokatzen dira horren arrakasta bereganatzeko. Aldiz, inork ez ditu bere gain hartzen langileen heriotzak. Eta bada ordua norbaitek hori egiteko eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Etxera itzultzeko eskubidea
Atzo Laudioko Udalean aritzen diren alderdi guztiek bat egin zuten azken heriotza salatzeko ekimenekin. Eskertzekoa da ordezkari publikoek hori egitea, eta dudarik gabe, fede onez egin zuten atzoko adierazpen bateratua.

Hala ere, euren aldarrikapenen artean zegoen lanetik bizirik itzultzeko eskubidea. Esan bezala, asmo onez egindako exijentziak irudikatzen du zein neurrian egin dugun atzera lan esparruan.

XIX. mendean meategi batean lan egiten zutenek gauza bera eskatu zezaketen, baina XXI. mendean gaude jadanik eta, printzipioz, badirudi bestelako baldintza duinak izan beharko liratekeela gure xedea.

Izan ere, etxera bizirik itzultzea ez da eskubidea, abiapuntua baizik. Hori ez bada bermatzen, gizarte honek dituen arazoak uste baino larriagoak dira. Ez greba bat egiteko modukoak, matxinada antolatzeko nahikoak baizik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide