“Barkamenak” eskatu ditu Erroke Deuna Kofradiak, Juan Ibarrolaren biografiaren aurkezpeneko hitzarteetako bat “mitin” bilakatu zela iritzita

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 10a, 19:08
Kepa Barañano aurkezpenean hitz egiten. / Aiaraldea.eus

Guardia zibil batzuk aurkezpenetik joan ziren Kepa Barañanoren hitzartean, idazle laudioarrak jakinarazi duenez. 

Polemika eragin du Juan Ibarrola Oruetaren biografiaren aurkezpenak. Urtarrilaren 31n aurkeztu zen liburua Laudioko Kasinoan, Erroke Deuna Kofradiaren eskutik. Hainbat pertsonek hartu zuten hitza bertan, Kepa Barañano tartean.

Idazle laudioarraren hitzak dira, hain zuzen, zeresana sortu dutenak. Honako hau esan zuen Barañanok Kasinoan, besteak beste: “Orain, nazismoa, faxismoa eta frankismoa, hirurak berdinak baitira, ostera ere, Europari, Espainiari, Kataluniari, Euskal Herriari... Mehatxatzen, zemaika ari zaizkigunean, guk ozen eta zuzen, Ibarrolaren kirmentasunaz eta lehendakariaren hitzak hartuz erauntsi behar diegu”.

Erreakzioak berehalakoak izan ziren. Ekitaldira bertaratu ziren guardia zibil batzuk aretotik alde egin zuten, idazle laudioarrak baieztatu duenez. Kofradiako kideek, euren aldetik, oharra plazaratu dute Barañanok esandakoak konpartitzen ez dituztela adierazteko.

Zahazki, hurrengoa adierazi du kofradiak: “Gure harridurarako, hitzartzea ez zen ezarritako printzipioen araberakoa izan. Laudioko baserri bateko gazte batek duela mende bat bizitakoen kontakizunaren balio antropologikoaren eta itzulpen lanaren deskripzio eta balorazioa izan behar zuena mitin bilakatu zen, zeinaren unea, tonua eta edukia konpartitzen ez dugun”.

Gauzak hala, “irainduak” sentitu ahal izan ziren pertsonei barkamenak eskatu nahi izan dizkie kofradiak, eta halakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartuko dituztela ziurtatu dute.

Kepa Barañanok, bere aldetik, ekitaldian esandakoen transkripzio osoa helarazi dio Aiaraldea hedabideari. Hemen azpian irakurri daiteke (horiz markatuak dauden zatiak ez ziren plazaratu, denbora faltagatik). Horrez gain, gaiari buruzko iritzi zutabea plazaratu du idazle laudioarrak, hemen irakurri daitekeena.

Laudio Memoria elkarteak, aldiz, gertatutakoa konponduta dagoela adierazi du: "Anaidiak eta Kepak hitz egin dute eta arazoa konponduta dago".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide