Laudioko Udalak Montai enpresa taldearekin eginiko kontratuak izan zituzten eztabaidagai iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduk eta Omniak mozio bateratua aurkeztu zuten gaiaren inguruan, baina PSE-EEk aurkeztutako mozio alternatiboa atera zen aurrera, sozialisten eta jeltzaleen aldeko botoekin.
Eztabaida handia egon zen Montai enpresarekin eginiko kontratuak direla eta. Diru publikoaren kontura bere alderdiko enpresari baten onura bilatzea leporatu zion EH Bilduk EAJri.
“Legezkoa da, bai, baina ez da batere etikoa”, nabarmendu zuen Lamia Arcas zinegotziak. PSE-EEren aurka jo zuen oposizioko taldeak. “PSE-EErekin gaiaz hitz egin genuenean udal gobernuaren parte gisa identifikatu ziren. Une egokia zen EAJrengandik desmarkatzeko, baina ez dute egin”, salatu zuen Arcasek, eta gaineratu zuen sozialisten mozioa “edukiz erabat hustuta” zegoela.
EH Bilduren eta Omniaren mozioak gauza zehatz bat proposatzen zuen: 1.000 euroko langa gainditzen zuten kontratu guztietarako hiru aurrekontu eskatzeko derrigortasuna ezartzea.
Horrez gain, Hirigune proiekturako eskatu diren bi aurrekontuak Montai taldearen bi enpresari eskatu zaizkiola nabarmendu zuen zinegotziak. “Zein bitxia beste enpresaren bati aurrekonturik eskatu ezin izatea”.
Horren harira, Ander Añibarrok erantzun zuen aurrekontu horiek “orientazio” moduan eskatu zirela, gero lizitazioa atera ahal izateko. “Aurre-kanpainan egotea” leporatu zion alkateak EH Bilduri, eta udalak kontratu txikiak “betidanik” erabili dituela gaineratu zuen. “Nola egiten ziren kontratu hauek orain arte? Kontratu txikien bidez, eta beti ez ziren hiru aurrekontu eskatzen”.
Horregatik, Añibarroren ustetan, EH Bildu ez da inor gauzak nola egin behar diren esateko. “Ez da gure asmoa gerra batean sartzea, gauzak hobetzera etorri gara, eta apurka-apurka hori egingo dugu”.
Omniak, bere aldetik, EH Bildurekin aurkeztutako mozioa defendatu zuen, talde guztiek horren alde bozkatu ahalko luketela esanez. “Horrelako jokabideak ez badatozkio inori ondo, zergatik ez dugu denok alde bozkatzen?”, galdetu zuen plataformako bozeramailea den Alvaro Barriosek.
PSE-EEk, aldiz, oposizioaren proposamena praktikoa eta bideragarria ez dela nabarmendu zuen, “ia kasu gehienetan gainditzen delako 1.000 euroko langa”. Gauzak hala, euren mozioaren aldeko defentsa egin zuen Juanje Merchan zinegotziak.
Ustelkeriaren aurkako mozioa
Diru publikoaren erabileraren gaiak eztabaida gehiago sortu zituen Udal Osoko Bilkuran, EH Bilduk beste mozio bat aurkeztu baitzuen, “ustelkeriaren aurka borrokatzeko tresna instituzional independenteen sorrera bultzatzeko”. Kasu honetan ere mozio alternatiboak egin zuen aurrera, PSE-EEk eta EAJk aurkeztutakoa.
Eztabaida PSE-EE eta EH Bilduren artekoa izan zen batez ere. Juanje Merchanek ETAk bere garaian eskatzen zuen iraultza zergarekin alderatu zuen ustelkeria.
Horren aurrean, “EH Bilduri edota Herri Batasunari” lotutako edozein ustelkeria kasu aipatzea proposatu zion Santi Hernando oposizioko zinegotziak.
Bideo honetan ikus daitezke bi mozioen gaineko eztabaidak osorik, 68. minututik aurrera eta 128. minututik aurrera: