Koronabirusaren kasu bat baieztatu da Laudion, baina kontrolatua dago

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 18:31

Koronabirusa ez kutsatzeko prebentzio neurriak abiatu dituzte. / Aiaraldea.eus

Gaixoa konfinatua dago, eta inguruko jendeari prebentzio neurriak ezarri dizkiete.

Laudioko herritar bat koronabirusak kutsatu duela berretsi dute. Edonola ere, gaixoa ez dago arrisku taldeen artean eta jadanik isolatuta dago bere etxebizitzan. Bere osasun egoera ona da.

Administrazioak prebentzio neurriak hartu ditu eta harreman estua izan dutenak ere konfinatuak daude. Horrez gain, kontaktu arina izan dutenei zenbait argibide eman dizkiete.

Covid-19 kasu batekin harremana izan dutenek hurrengo agindu hauek bete behar dituzte 14 egunez, hori baita inkubazio aldia:

Tenperatura kontrolatu behar dute birritan egunero, zehazki, hurrengo ordutegietan: 08:00etatik 10:00ak bitartean eta 20:00etatik 22:00ak artean. Tenperatura horien berri eman behar diote jarraipena egingo dion arduradunari.

Horrez gain, uneoro harremanetan jartzeko moduan egon behar dira pertsona horiek bi aste horiek igaro arte eta gizarte jarduerak zein bidaiak mugatu behar dituzte.

Arnas higienikoak zorroztea eskatzen zaie: eztul eta doministiku egitean sudurra eta ahoa estaltzea, ukondoaren flexuarekin edota erabili eta botako den zapi batekin.

Eskuak maiz garbitu behar dituzte eta antitermikoak ezin dituzte hartu, medikuak ez badie baimentzen.

Eskuak garbitzeko hurrengo aholkuak eman dituzte:

  1. Urarekin busti.
  2. Xaboia erabili eta eskuak hatzen artean igurtzi eta azazkalen azpian garbitu.
  3. Ur ugarirekin argitu.
  4. Eskuak lehortu, botatzeko paperezko eskuoihala baliatuta.
  5. Papera pedalezko estalki batean bota, plastikozko poltsarekin, eta edukiontzia itxi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide