Guardian enpresan %70ean murriztuko dute langileen kopurua autoen lerroan eta %30ean floaten bihartik aurrera

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 17a, 21:35

Guardian enpresako langileen mobilizazioa greba mugagabea egin zutenean. / Aiaraldea.eus

Gaur goizean bilera egin dute Guardian enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek. Eguerdira arte luzatu da batzarra eta martxoaren 27ra arte langile kopurua murriztea adostu dute. Gero, enplegua erregulatzeko espedientea abiatzea espero du enpresak.

Guardian enpresak nabarmen murriztuko du langileen presentzia Laudioko fabrikan. Alde batetik, autoen ekoizpen lerroan beharginen %30ak egingo du lan. Float atalean, ordea, kontratatuen %70a joango da lantokira. Martxoaren 27ra arte egongo da indarrean neurria eta gero enplegua erregulatzeko espedientea ezartzea aurreikusi du enpresak.

Akordioa negoziazio saio luzeen -4 ordu- emaitza izan da eta zuzendaritzaren eta sindikatuen abiapuntuak oso bestelakoak izan dira gaur goizeko bileran. Enpresaren lehentasuna bezeroen eskaerei aurre egitea izan da eta langile erakundeena koronabirusaren zabalpena ekiditea.

Guardian enpresako arduradunek jakinarazi dute jadanik hainbat eskari bertan behera geratu direla, eta horregatik autoen lerroa laster itxiko dutela. Edonola ere, float atalaren bitartez biltegia bete nahi dute, balizko bezeroen beharrak asetzeko.

Sindikatuek adostu dute beharginek etxean emango duten denbora tartea ordaindutako baimen egunak izango direla. Hori bai, 24 orduko aurrerapenarekin deituta, lanera joan beharko dira.

Bestalde, langile batzordeak gogoratu die beharginei Covid-19ko arrisku taldeekin harremanetan daudenek aukera dutela baja hartzeko. Halaber, enpresari eskatu diote kontziliazioa aintzat hartzeko.

Hala ere, langile batzordearen hasierako proposamena argia izan da: Ibilgailuen ekoizpen lerroa guztiz etetea eta float labekoa moldatzea.

Protokoloa
Sindikatuen aburuz, zuzendaritzaren protokoloa ez da nahikoa koronabirusaren hedapena gelditzeko: Desinfekzio sprayen banaketa, ordutegi aldaketak langile guztiak aldi berean ez sartzeko, jantokiko mahaiak banatzea eta abar.

Langileen ordezkariek aitortu dute lagungarriak izan daitezkeela neurriak, baina ez dutela inondik inora bermatzen birusa ez zabalduko ez denik.

Horrez gain, sindikatuek azaldu dutenez, Lan Arriskuen Prebentziorako legearen 21. artikuluak beharginak babesten ditu muturreko kasuetan produkzioa eteteko hautua hartzen badute.

Bestalde, azpimarratzekoa da pasa den astean enpresako bulegoetan koronabirus kasu bat baieztatu zela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide