"Ez dago oherik hainbeste gaixo zaintzeko". Hori da Koronabirusak utzitako ondorioetako bat. "Egunak pasa ahala gaixo kopurua handitzen doa, egoera larria da", dio Andrea Herrera erizainak. Galdakaoko erietxean lan egiten du, beste askok bezala.
Ospitalak egokitzapen prozesuan daude, aitortu duenez, "geroz eta solairu gehiago behar dira jendea zaintzeko, bestelako gaixoak ere badaude eta". Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) bi aste eta erdi daramatzate COVID19 birusak kutsatutako herritarrak sendatu nahian: "Galdakaon normalean 10 ohe ditugu martxan, eta egoera honi aurre egiteko lantaldea eta espazioa egokitu dugu 15 ohe eskura izateko, gaixo kopurua handituko da eta".
Solvik Herrerak birusak sortutako kasu larriak artatzen ditu Gurutzetako ZIU unitateetan: "Egoera oso larria da, gero eta gaixo kritiko gehiago daude, eta ez ditugu hainbeste ohe".
Isolatuta egon behar diren pertsonak izanik, logela bakar edo bereizietan egon behar dute, "erreanimazio zerbitzuan gaixo positiboak ingresatzen hasi dira ZIU beteta dagoelako".
Ondorioz, erietxeko beste eremu batzuk egokitzen dabiltza eriak jasotzeko, ohartarazi du.
Etxean geratzeko agindua
"Egoera larria da. Aholkuak jarraitu behar dira batez ere: eskuak garbitu, Osakidetzako telefonoetara deitu sintomak badituzue, baina bereziki etxeetan geratu, kalera beharrezkoak diren gauzetarako bakarrik atera".
Zantzurik izatekotan telefono zerbitzuetara jotzeko eskatu du Solvik Herrerak, "sintomek aurrera egin aurretik".
Iluntzetako txalo zaparradak asko eskertu dituzte: "Elkartasun keinu hauek asko eskertzen dira. Guretzat oso garrantzitsuak dira momentu hauetan, indarra ematen digute egunero lanera joan eta pazienteekin egoteko".
Segurtasun neurriei buruz galdetuta, gabeziak nabariak dira, Andrea Herrerak aitortu duenez: "gure lanerako materiala oso eskasa da".
Astebetean agortu zaizkie babes prendak: "Erabilera bakarreko materiala berrerabiltzen gaude, eta astebete soilik daramagu. Ez daude nahikoa maskarilla eta amantala, nahiz eta ez kutsatzeko gomendagarriak izan".
Beste arazo bat mahaigaineratu du laudioarrak: "gaixo kritikoak zaintzeko ezagutza espezifikodun langile gutxi gara".
Solvik Herreraren aburuz, Gurutzetan materiala eskura dute, eta ez dute berrerabili behar izan: "Baina oso eskasa da. Horrez gain, protokoloak asko aldatzen dira, eta honek ez du langileen segurtasuna bermatzen. Egunero arriskatzen gara".
Jende gaztea ere, gaixo
Hasierako aurreikuspenen kontra, geroz eta jende gazteagoa ari da kutsatzen, Andrea Herreraren aburuz: "Ospitaleko ohiko zaintzetan gehienak edadetuak dira, baina ZIUn daudenak 40-70 urte artekoak dira batez ere. Jendeak kontzientzia hartu behar du, eta etxean geratu behar da".
Bat dator Solvik Herrera ere, jende gazte asko ikusi baitu covid birusak infektatuta: "Denontzat da egoera zaila, baina denok bat eginda saiatu behar gara. Batzuk larriago daude, beste batzuk ez hainbeste; baina gazteak ere egoera kritikoetara iristen ari dira".
Osakidetzak egunero plazaratzen du koronabirusaren herrikako datu zerrenda. Atzo arte, Aiaraldean, 26 kasu zeuden baieztatuta.