Guardian enpresan jarduera geldituko dute espedientearen bitartez

Aitor Aspuru Saez 2020ko mar. 25a, 11:56

Guardian enpresa, artxibo irudi baten. / Iban Pagalday

Autoen ekoizpen lerroan gaur izango da azken eguna lanean eta Float labean gradualki ekingo diote jarduera uzteari. Enpresak %10ean osatuko du langileen soldata.

Guardian enpresako langile batzordeak jakinarazi du lan erregulazio espedientea negoziatu duela zuzendaritzarekin eta martxoaren 30ean sartuko dela indarrean.

Berez, gaur etengo dute lana autoen atalean eta biltegiko beharginek soilik izango dituzte ardurak. Hala ere, dena prestatzen bukatzen dutenean, langabeziara joko dute.

Float lerroan denbora tarte gehiago beharko dute jarduera eteteko. Izan ere, eskaera asko bertan behera geratu badira ere, oraindik bezeroen zenbait eskari amaitu behar dituzte.

Lan erregulazio espedientea eskatuko du enpresak lan zama faltagatik eta ondorioz, langileek soldataren %70a kobratuko dute Gizarte Segurantzaren aldetik. Hala ere, Guardian konpainiak %10ean osatuko du kopuru hori. 

Opor egunek eta aparteko soldatek ez dute aldaketarik izango. Dena den, enpresak aukera izango du behin behinez espedientea eteteko, langileei 24 orduko aurreikuspenarekin jakinarazita, eta ezinbestekoak diren eginkizunak betetzeko soilik.

Espedienteak, printzipioz, osasun egoera luzatzen den bitartean iraungo du. Sindikatuek adierazi dute koherenteak izan direla eta eurentzat lehentasuna izan dela birusaren zabalpena ekiditea. Izan ere, koronabirusaren kasu bat diagnostikatu zuten lantegian, krisialdia hasi zenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide