ENEKO CANDAL

“Gu gara Alaveseko jokalarientzat gertuen dagoen figura”

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 10a, 07:00

ENEKO CANDALek (Laudio, 1993) Alavesen lan egiten du fisioterapeuta gisa. Bere lanaren inguruan mintzatu da. 

Noiztik duzu harremana futbolarekin?

Txikitatik futbolean jokatu izan dut. Laudion hasi nintzen eta 13-14 urterekin Bilbora jo nuen. Danok Bat taldean aritu nintzen 4 urtez. Lesioen ondorioz eta unibertsitatean ikasketak abiatu nituenez, Leioan jokatu nuen azken urtea. Leioan bi denboraldi egin nituen eta gero Amurriora etorri nintzen eta 5 urtez aritu nintzen han. Hori bai, Alaves klubean lanean hasi nintzenean utzi nuen, ezinezkoa baitzen biak uztartzea.

Duela zenbat urte parte hartzen duzu Alavesen?

Duela 3 urte hartu ninduten gazte kategoriakoekin lan egiteko. Bigarren taldearekin ere aritzen nintzen, baina duela 2 urte hirugarren talde bat sortu zuten eta geroztik bigarren eta hirugarren taldeekin lan egiten dut. 

Biekin entrenatzen dut eta partidak daudenean, oro har, hirugarren taldearekin egoten naiz. Eurekin bidaiatzen dut eta egunerokoa partekatzen dugu.

Zein ikasketa egin zenituen, zehazki?

EHUn fisioterapia ikasi nuen. Horren ondoren osteopatia estrukturaleko masterra egin nuen eta gero kirol munduko zenbait ikastaro egin ditut.

 

“Presio handiarekin lan egiten dugu eta jokalariek zerbitzu guztiak dituzte euren eskura”

 

Kirol esparruan lan egin zenuen aurretik?

Ez asko. Torneo batzuk Amurrion, nire lankideari laguntzen, baina Andoitz Galdosen bitartez sartu nintzen Alavesen. Fisioterapeuta gaztea bilatzen ari ziren, kirol munduan sartuta zegoena. Nire nagusiarekin hitz egin nuen eta ez zidan arazorik jarri lana uzteko. Hortik aurrera garatu dut nire ibilbidea, batez ere, kirolean. 

Aurreko lanarekin alderatuta, zer da ezberdina zure egungo eginkizunetan?

Denbora falta nabaritzen da gehien. Kirolean premia handiko tratamenduak egin behar dira, azkarrak, aste batetik bestera jokalariak ondo egon behar baitira. Klinikan ez dago horrenbesteko premiarik. Bezeroak osatzeko 3 edo 4 aste hartzea ez dauka garrantzirik. 

Kirolean egun bakarra ere inportantea da, entrenatzaileak jokalaria probatu dezan eta erabaki dezan taldean sartuko duen. Hori da ezberdintasun handiena. Presio handiarekin lan egiten dugu eta jokalariek zerbitzu guztiak dituzte euren eskura: elikadura adituak, medikuak, fisioterapeuta, prestatzaileak, analisiak... Errazagoa da horrela azkarrago sendatzea.

 

“Beste klub batzuekin alderatuta, apur bat familiarragoa da Alaves”


Nolakoa da Alavesen lan egitea?

Beste klub batzuekin alderatuta, apur bat familiarragoa da. Helburuak ez dira oso handiak. Astero eta hilero egiten ditugu bilera ezberdinak xedeak zehazteko, jakiteko zenbat jokalari lesionatu dauden eta nolako lan karga dagoen. Oro har, jokalari garrantzitsuak mina hartzen badu, presioa ikaragarria da, eta lesioa duena ez bada hain garrantzitsua, txikiagoa. Egunerokoa nahiko arrunta da.

Nik, esan bezala, bigarren eta hirugarren taldeko jokalariekin egiten dut lan eta noizbehinka, lehen taldeko fisioterapeutak kanpora joaten badira, eta lesioa duen norbait Gasteizen geratzen bada, tratatzen dugu. Gutxitan izan ohi da, bi edo hiru alditan denboraldi bakoitzeko. 

Kasu horietan nabaritzen duzu ezberdintasuna?

Bigarren eta hirugarren taldearekin giroa oso ona da. Txantxak daude. Lehen taldeko jokalariekin, ordea, seriotasun handiagoa dago. Etzan egiten dira, pare bat azalpen ematen dituzte eta lan egiten dugu. Normala da, ez nautelako hainbeste ezagutzen eta ezberdina da. Hala ere, ez dago alde handirik. Medikuarekin mintzatzen naiz jakiteko zein den euren egoera eta tratamendua eta ni ahalik eta hoberen tratatzen saiatzen naiz. 

Zeintzuk dira lesio arruntenak?

Gure kasuan bi ditugu. Alde batetik, gihar hausturak. Arruntenak dira eta askotan kontrolaezinak. Jokalaria ondo dago, baina jokaldi batean mina hartzen du. 3 edo 4 asteko tratamenduak izan ohi dira. Noizean behin luzeagoak dira.

Bestetik, badaude lesio kronikoak. Jokalariek ez dute euren jarduera eten behar, baina egunero tratatu beharra dago, aztertu; pubalgiak, tendinitisak, aldakako arazoak...

 

“16 edo 17 urtetik aurrera sumatzen da gazte gehienen desioa dela lehen mailara heltzea eta ahalik eta profesionalenak izaten saiatzen dira”


Nolakoa da gazteekin lan egitea?

16 edo 17 urtetik aurrera sumatzen da gazte gehienen desioa dela lehen mailara heltzea eta ahalik eta profesionalenak izaten saiatzen dira. Horrek ezustean harrapatu ninduen. 

Entrenamendua hasi baino ordubete lehenago gimnasiora joaten dira, elikadura zaintzen dute... Ez dakit Alavesen gertatzen den bakarrik, baina ahalik eta gehien egiten dute lehen mailara heltzeko. 

Tratatu duzun gazteren bat heldu da lehen taldera?

Hasi bezain pronto igo zen Martin Agirregabiria eta orain duela gutxi Borjak egin du. Borjarekin ez dut harreman handia izan, kadetetik taldera igaro da bi edo hiru urtetan. Aritz Castro atezainarekin ere harreman ona izan dut.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Bost edo sei egunez egiten dut lan astean, partidaren arabera. Igandean jokatzen badute, aste osoan egiten dugu lan, egun bat kenduta. 

Norgehiagoka larunbatean bada, aldiz, astean zehar egun libre bat dugu eta igandea ere. Denboraldiko unearen arabera. 

Ohikoan 8:30ean edo 09:00etan sartzen gara klubeko azpiegituretan, talde medikuarekin biltzen gara, bilera egiten dugu eta lesionaturik dauden jokalariak antolatzen ditugu.

9:30 edo 10:00etarako bigarren taldea entrenatzen hasten da eta hori baino lehen etortzen dira. Lesionatuak tratatzen ditugu. Saioaren ostean etortzen dira entrenatu duten jokalariak. 
11:30ak aldera entrenatzen du hirugarren taldeak eta goiza ematen dugu 15:00ak arte. 

Aipatzekoa da neskek arratsaldez dituztela entrenamenduak eta euren fisioterapeuta propioa dutela. Nik ez ditut ikusten.

Nolakoa izaten ari da zuretzat egungo esperientzia?

Futbol munduan sartu aurretik esparru anitzak landu nituen; klinika batean, ospitaletan... Niretzat ez dago futbola bezalako arlorik. Kirola gogoko dut, futbol mundua, jende gaztea... Lan ezberdina da eta, momentuz, ez daukat premiarik lanik edo diziplinaz aldatzeko.

Nik jarraitu hemen jarraitu nahi dut, baina ikusten da bizitza aldetik apur bat arraroa dela; ordutegiak, bidaiak... Beharbada adinarekin nekatu ninteke, baina orain pozik nago.

Hirugarren taldeak Euskadiko 3. mailan jokatzen du eta Bizkaira eta Gipuzkoara mugitu behar gara. Nire lankideak 2. taldearekin joaten dira eta, 2. B mailan aritzen direnez, Espainiako estatuan bidaiatu behar dute.

Futbol zalea izanik, zer suposatzen du puntako klub batean egoteak?

Hasieran gehiago bizi nuen futbola, baina urteak joan ahala alde batera uzten duzu. Egunerokoan futbola dago zure inguruan eta ezin zara egun osoa futbolean sartuta egon. Alegia, Alavesen lanean hasi baino lehen gehiago jarraitzen nuen futbola eta jokatzen nuen. 

Orain futbola nire zaletasunetatik atera dut eta bestelako jarduerak ditut; garagardoa egiten dut, mendira joaten naiz...

Nolakoa da harremana staff guztiarekin?

Ona. Taldearekin bi urte eman ditut eta giro oso ona daukagu. Egunerokoan jende berarekin nago eta atsegina da. Jakina, norbera ezberdina da, baina staffarekin harreman ona daukat eta ez dut arazorik izan, zorionez.

Zein da zure lanaren garrantzia?

Medikuekin alderatuta, gu gara jokalarientzat gertuen gauden figura. Hasieratik eurekin egoten gara, lesionatzen diren unetik. Lehenego momentu horiek txarrak dira eta eurekin gaude.
Lehenengo diagnosia ere egiten dugu eta zerbait txarra sumatzen badugu, medikura eramaten dugu eta lesioak irauten duen bitartean jarraipena egiten diegu. Medikuak probak egiten dizkie, baina gu egoten gara prozesu osoan: momentu txarretan, onetan...

Hori da gure eginkizuna, prozesua kontrolatzea, hasieratik amaierara. Egunerokoan laguntzea, ahalik eta gehien.

Lesio oso larriak lantzea egokitu zaizu?

Iaz, azkenengo partidan, play-off-ean, jokalari bat izan genuen pilulak hartzen pubalgia zuelako, min handiarekin. Jarraitu zuen eta azken norgehiagokan abduptoreko tendoian haustura izan zuen, oso larria.

Lesio ostean Galiziara joan zen bertakoa delako eta ez zen medikutik pasa. Entrenamenduetara itzultzean ikusi genuen oso lesio larria zela. 

6 hilabetez izan zuen mina. Itzultzen zen bakoitzean, pixkanaka-pixkanaka lan egiten zuen hainbat teknikekin, taldera itzultzeko. Abenduan hasi zen berriro eta zorionez ez du arazorik izan. Golak sartzen jarraitzen du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide