EAJk abuztuko ekintzei buruzko erabakiak azaldu ditu, parte hartze eredua defendatuta

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 17a, 06:30
Laudioko herritarrak izendatu zituzten pregoilari "ez-jaietan". / Aiaraldea.eus

Abuztuko ekintzen harira hartutako erabakiak azaldu dituzte jeltzaleek prentsa ohar batean. Bestalde, Omniak eta EH Bilduk prentsa ohar banatan egindako kritikei erantzun diete.

Laudioko EAJk oharra atera du jaien inguruko kudeaketa argitzeko. Kartel lehiaketari dagokionez, "jaiak" hitza kentzearen arrazoia aipatu dute: "Lehiaketa hori ez zen egin sanrokeak iragartzeko, baizik eta izpiritua eta ilusioa bizirik mantentzeko". EAJren aburuz, oposizioko alderdiei ondo iruditu zitzaien proposamena, baita saria eskudirutan eman ordez tokiko dendetan kontsumitzeko bonua izatea ere.

Pregoiaren ekitaldiari buruz, berriz, "herriari egindako aitortza zela" gogoratu dute, "bere portaeragatik". "Ateak itxita egindako pregoi pribatua" zela kritikatu zuten Omniak eta EH Bilduk. EAJk horrela erantzun die: "Pregoilari izena eman zitzaion laudioarrentzat hori delako ohore handiena.

Dirudienez, Urteko Llodiano edo Laranja Saria deitu izan baliote, gusturago geratuko ziratekeen". Jeltzaleen hitzetan, korporazio osoa zegoen deituta ekitaldira: "EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeari gehiago gustatuko litzaiguke ekitaldi publiko jendetsua egitea, baina zentzuz eta erantzukizunez jokatu behar zen".

EH Bilduk eginiko kritikei ere erantzun diete oharrean, tokiko erakundeak antolatutako ekitaldi puntualen harira: "Kontraesana da ekitaldirik egin behar ez zela esatea; eta elkarte-mugimenduek ekitaldiak antolatzea debekatu izana kritikatzea. EH Bilduko Laudioko buruzagien arabera, elkarte mugimenduak antolatzen baditu (gehienak ez zeuden prest) ekintzak egin behar dira, baina udalak egitekotan ez. Oso koherentea. Gainera, askotan galdetu dute ekitaldiei buruz, zein helbururekin? Ez egiteko esateko?".

Koronabirusak eragindako pandemia dela-eta, "EAJk ez du kristalezko bolarik bitxoak nola jokatuko duen jakiteko. EH Bilduk bazekien, berandu aritu ginela esaten zutenean. Kritikatzea erraza da, eta oso ondo ematen zaie, baina arazoak kudeatzea eta konpontzea ez hainbeste, EH Bilduk azken 8 urteetan Laudioko Udalean egindako kudeaketa kaotiko eta desantolatuarekin ikusi ahal izan den bezala".

Parte hartze eredua oinarri

Bestalde, oposizioak leporatutako parte hartze eza izan dute hizpide jeltzaleek oharrean. EAJk defendatu duenez, azken 14 hilabeteetan parte hartze prozesu ugari egin dira: aurrekontu parte hartzaileak, auzo zinegotzien figura, herritarren inkestak edota kultur zein jai eragileekin bilerak, kasu. "Laudioko egungo gobernu taldearen kudeaketa ez al da parte hartzailea?" galdegin dute, beraz. 

Azkenik, penagarritzat jo dute EH Bildu eta Omnia kezkatuago egotea osasun krisian markatutako une zail hauetan udal taldearen neurri edo ekimen guztien kritika errazagatik herriarentzako konponbide eta ekimen eraginkorren ekarpenagatik baino. Horren adibidetzat jarri dituzte "nahita politizatutako prentsa oharren argitalpenak". Ildo beretik, alderdiak aurrez aurre jartzera animatu dituzte, "eta modu arduratsuan sorbalda gehiago jartzera,  modu eraikitzailean eta gure bizilagun guztien onerako".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide