Zerga eta tasen igoera "neurrizkoa" dela adierazi du Udal Gobernu Taldeak

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 25a, 19:50

Ezkerretik eskuinera Ander Añibarro, Eva Markinez eta Ander Larrinaga./ Aiaraldea.eus

Oro har, %2ko igoera ezarri dute zerga eta tasa gehienetan EAjk eta PSE-EEk. Hala ere, batzuk dauden moduan mantenduko dira, eta beste zerga eta tasak batzuk, ordea, igo egingo dira %5 eta %10 bitartean.

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudioko Udal Gobernu Taldeak zergen eta tasen ordenantzari buruz aritzeko. Oposizioaren kritiken ostean, Ander Añibarro alkateak, Eva Markinez zinegotziak eta Ander Larrinaga alkateordeak hartu dute hitza hedabideen aurrean euren kudeaketa eredua defendatzeko. Urriaren 5ean egingo den ezohiko udalbatzan onartuko da proposamena. 

Hasteko, alkateak argitu du, bere ustez, igoera "neurrizkoa" izango dela, eta udal zerbitzuak matentzeko ezinbestekoa dela erabaki hori hartzea. Añibarrok azaldu du duela 9 urte ez dela egin igoerarik ordenantzan, eta "desfasea" dagoela zerbitzuetan. "Esaterako, zaborren zerbitzuak galerak sortzen ditu", argudiatu du. Horren ardura aurreko udal gobernu taldeei egotzi die.

Horrez gain, gobernuburuak gogoratu du ireki diren hezkuntza zentroen garbiketa udalak hartu duela bere gain: "Lehen Hezkuntzako eta Helduen Ikastetxea irekitzeko 100.000€ gehiago gastatuko ditugu. Horri gehitu behar zaio kiroldegian 5.000€gehiago balioko dutela desinfekzio lanek".

Horrez gain, Arabako Foru Aldundiaren diru bilketak behera egin duenez, Laudioko Udalak 2 milioi euro gutxiago jasoko ditu aurten, ziurrenik, bere finantzaziorako.

Zergen eta tasen igoerak

Testuinguru horretan, Eva Markinezek mahaigaineratu du azken hilabeteotan sailez sail analizatu dituztela zergak eta tasak "ordenantza eguneratuak, orekatuak, ulertzeko errazak eta justuak izateko. Hau da, bakoitzak ordaindu dezan erabiltzen duen zerbitzua".

Gauzak horrela, alkateak azaldu du Arantzar aparkalekuaren prezioa 68 eurotik 145 eurora handituko dela hilero: "Zerbitzuaren kostua 156 eurokoa da hilero, eta laudioar guztiok hartzen dugu gure gain diferentzia. Diru hori autonomo, ostalari eta familiei bideratu nahi diegu, eta ez negozio pribatu bati".

Garraiolarientzako Arantzar aparkalekuko igoera defendatu du Udalak: "Negozio pribatuei ordaintzen diegu herritarrek zerbitzuaren kostua"

Alkateak erantsi du edozein herritarrek ordaintzen duela 65 euro aparkalekua izateko aire librean: "Aparkaleku honek segurtasun pribatua dauka".

Hala ere, Markinezek argitu du Arantzar aparkalekua erabiltzen duten garraiolariek %25eko deskontua izango dutela Laudion erroldatuta badute euren negozioa.

Zergak batzuk izoztuak, beste batzuk %5eko igoera

Markinezek zerga guztien egoera berrikusi du, euren proposamena oinarri hartuta. Alde batetik, Ogasun Higiezin Zerga, Lursailen Gaibalioena eta Jarduera Ekonomikoko Zerga dauden moduan geratuko dira. Bestetik, trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga %5 garestituko da; eta obra, instalazioen eta eraikinen zerga %4,5. 

Zerbitzuetan %2ko igoera orokorra

Zerbitzuen ordenantzak 34 artikulu ezberdin ditu eta EAJ eta PSE-EEren irizpide orokorra %2 garestitzea izan da kasu horietan. Horren barruan daude estolderia, ura, liburutegia, instalazioen erabilera edota zinema.

Halaber, salbuespen ugari eta nabarmenak daude. Hirigintza baimenek, adibidez, %10eko igoera izango dute eta esparru publikoaren erabilera publikoko zerbitzuak ere. Azken horri dagokionez, Markinezek aipatu du euro bakarreko aldea egongo dela gaurko prezioarekin alderatuta.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga %5 garestituko da eta hirigintza baimenak %10

Antzeko iritzia izan du osteguneko azoka postuei buruz. Ezarriko zaien %10eko garestitzeak suposatuko du 2,36 euro gehiago ordaintzea plaza bakarreko postuen kasuan, eta 10 euro plaza bikoitzetan. 

Zaborren bilketa

Udalak barne bitartekoak baliatu ditu ordenantzen egokitzapena prestatzeko, salbu zaborren kasuan. Arlo horretan aholkularitza kontratatu dute eta horrek aurten %12ko igoera proposatu die. Hala ere, Udal Gobernu Taldeak %5ean utzi du. "Egun 53,05 euro ordaintzen da, eta zerbitzuak galerak ez sortzeko 82,71 eurora igo beharko dugu", zehaztu du ogasun zinegotziak.

Kanpo aholkularitza zerbitzu batek proposatu die %12 garestitzea zaborren bilketa zerbitzua. Azkenean, %5ekoa izan da Udal Gobernu Taldeak ezarritako igoera

Bide batez, Markinezek onartu du igoera egongo dela hilerriko zerbitzuan ere, eta bertan jarraituko den irizpidea izango dela langileen gastuak betetzea. Izan ere, zinegotziaren ustez, behar ziren zerbitzu guztiak ez dira eskaintzen.

Animali bizien bilketa zigortu dute

Igoerarik azpimaragarria ere gauzatuko du Laudioko Udalak animali bizien bilketan. Hau da, poliziak topatzen dituen txakur edo abereen kasuan. Orain arte, lehenengo aldiz jasoz gero 21,85 euro ordaintzen ziren, bigarrenez 28,80 euro eta hirugarrenez 56,25. Aurrerantzean, aldiz, 60 euro, 150 euro eta 300 euro izango dira.

"Lehenengo aldiz topatzen badu udaltzaingoak litekeena da isunik ez jasotzea, baina arrunta bilakatu da herritar batzuen kasuan txakurrak edo bestelako animaliek ihes egitea behin eta berriro. Horrek esan nahi du ez direla zaintzen behar den moduan. Ondorioz, jarrera horiek zigortuko ditugu" iragarri du alkateak.

Igoeren batezbestekoa

Ander Larrinaga alkateordeak hartu du azkenik hitza, eta ziurtatu du EAEko antzeko tamainako udalerrietan presio fiskala eta zerbitzuen prezioa askoz handiagoa dela, Bergara, Zornotza, Eibar, Amurrio edo Azpeitiako adibideak jarri ditu.

Horrez gain, aldarrikatu du herriak aurrera egiteko eta zerbitzuen kalitatea hobetzeko ezinbestekoa dela diru sarrerak handitzea. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide