Antonio Aiz izango da URA agentziako zuzendari berria

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ira. 30a, 07:00

Garraio sailburuordea izan da Aiz azken 7 urteetan. / Irekia

Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegitura sailburuordea izan da Aiz azken bi legealdietan. 

Antonio Aiz izendatu dute URA agentziako zuzendari. Politikari laudioarrak Ernesto Martínez de Cabredo ordezkatuko du kargu horretan. Zuzendari aldaketa hori oso lotua dago PSE-EE eta EAJk gobernua osatzeko egin dituzten negoziazioekin. Izan ere, Ingurumen Saila jeltzaleen esku egotera pasa da, aurreko legealdian sozialisten kontrolpean egon ostean. 

Aizek ibilbide luzea eman du politikan eta kargu publikoetan. Laudioko alkatea izan zen 1991 eta 1997 urteen artean. Urte horretan kargua utzi behar izan zuen epaitegien aginduz, Herri Batasunako zinegotzi bati udalari buruzko informazio bat ukatzeagatik. 2005etik 2013ra Euskal Trenbide Sareko idazkari nagusia izan zen, eta ordutik hona Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegitura sailburuordea izan da. 

URAren erronkak eskualdean

URA agentziaren jardunak eragin handia du Aiaraldean, Nerbioi ibaiak goitik behera zeharkatzen baitu zonaldea. Gauzak hala, bere eskualdeari zuzenean eragiten dioten hainbat afera kudeatu beharko ditu Aizek legealdian zehar. Erronka nagusia Basaurbe eta Markixanako araztegien eraikuntza izango da, horren ardura zuzena Espainiako Gobernuak duen arren. Horrez gain, eskualdean azken urteetan jazo diren isurketen eta arrainen heriotzen afera ere Aizen eskumena izango da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide