Streaming bidez eskainiko du Laudioko Gure Esku Dagok “Hamaika gara” kanpainako ekitaldia. Urriaren 31rako jarri dute zita, 18:00etan Lamuza Parkeko Kasinoan.
Gorabeheratsua izan da ekitaldiaren antolaketa. Plataformak oharra plazaratu zuen, espazioa erabiltzeko udalak erantzukizun zibileko aseguru bat eskatu zielako. Gauzak hala, ekitaldia Amurriora mugitzea erabaki zuen erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak.
Orain, aldiz, egoera bideratu da. Kultura zinegotziak plataformako kideak deitu zituen, gaizki ulertua izan zenez, Kasinoa erabili zezaketela jakinarazteko.
Ildo beretik, Amurrion ere antzeko ekitaldi bat egingo dute Gure Esku Dagoko kideek, ordu berean Katekesi aretoan.
Igandean egin zuen Aiaraldeko Gure Esku Dagok kanpaina berriari hasiera emateko ekitaldia, Oletan.