Lan deialdi publikoan esperientziak puntuak eman ditzan, adierazpen instituzionala onartu zuten Laudioko alderdiek

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 3a, 12:30

Laudioko udal langileek landutako testua onartu zuen udalbatzak aho batez urriaren 26an./ Aiaraldea.eus

Pasa den asteko udabatzan Laudioko alderdiek aho batez babestu zuten ELA eta LAB sindikatuek proposatutako testua. Lan deialdi publikoak baliatzea enplegua finkatzeko da helburua, egun bitartekotasunak udal langileen artean %40 gainditzen baitu.

Urriaren 26ko udalbatzan aurrera egin zuen ELA eta LAB sindikatuek proposatutako adierazpen instituzionalak. Helburua, beharginak "finko" bilakatzea da.

 

Udalean ordezkapena duten sindikatuek salatu dutenez, langileen bitartekotasuna %40 baino gehiagokoa da, eta batzuek 20 urte bete dituzte egoera horretan. Sindikatuen aburuz, gehiegikeriaz jokatu da bitartekotasunari dagokionez, eta erakunde publikoak berak sortutako arazoa konpondu behar du, hautagai berriak kaltetu gabe.

Laudioko Udalean langileen %40ak baino gehiago bitartekotasun kontratua duela salatu dute sindikatuek, eta zenbait beharginek 20 urte bete dituztela horrela nabarmendu dute

 

Zentzu horretan, esperientziak puntuak ematea iradoki dute sindikatuek. Halaber, langileen adinaren arabera,  oposizioak deitzeko epea luzatzea proposatu dute.

 

Sindikatuen oinarria horretarako bikoitza da. Alde batetik, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren martxoko erabakia dago, zeinak adierazi zuenEstatu espainiarrean bitartekotasunari lotutako kontratuekin abusua egin dela. Epaia loteslea izan gabe ere, zenbait epaiketan erabili da; eta, adibidez, Alacanteko funtzionario bat finko bihurtu du epaile batek, sententzia hori aintzat hartuta.

 

Bestalde, Udalhitz -Eudelen lan protokoloa- ere aipatu dute ELAk eta LABek. Horren arabera, erakunde publikoek ez lukete gainditu beharko %6ko bitarteko langile kopurua.

 

Goi teknikarien deialdia, "libreagoa"

 

Erakundearen eta langileen ordezkarien arteko harremanak nolakoak ari diren izaten galdetuta, LAB sindikatuko kideek erantzun dute momentuz etenda daudela, duela hilabete bat baino gehiago bildu ostean.

 

Edonola ere, sindikatuen planteamendua da 5 goi teknikarien lan deialdietan baldintzak malguagoak izatea. Hain zuzen, lanpostu horiek sortu berriak dira, edo sail horietako egungo langileek ez dute denbora luzea eman bertan.

 

Halaber, 6 peoien eta 13 administrarien lan deialdian langile erakundeek udalean izandako esperientziak pisu gehiago izatea eskatu dute: “2004an izan zen peoien azken oposizio handia, eta administrarien artean, ordea, 90eko hamarkadaren amaieran”.

Langileen bitartekotasuna %10era murriztu arte, sindikatuek uste dute esperientziak pisu handia izan behar duela lan deialdi publikoan

 

%10eko bitartekotasunik beherako oposizio libreak

 

Zehazki, ELAk eta LABek bilatzen dutena da lan deialdi publikoak egungo langileen esperientzia baliatzea postu horiek finkatzeko. Halaber, badakite jende askok interesa duela udalean lan egiteko, horregatik proposatzen dute behin bitartekotasuna %10eko langa azpitik geratzen denean, oposizio ahalik eta libreenak deitzea, eta 2 edo 3 urtean behin lan deialdi publikoak antolatzea, lan-poltsak berritzeko eta bitartekotasuna ekiditeko.

 

Egoera zaila lan deialdietarako

 

Laudioko udal talde berriaren konpromisoa izan zen 25 lanpostu deialdi publikoa egitea ahalik eta lasterren, 2020an, hain zuzen. Bide horretan, jadanik, deialdirako oinarri orokorrak argitaratu ditu erakundeak, baina oinarri espezifikoak adostu behar ditu oraindik sindikatuekin.

Oposizioen oinarrien negoziaketak ez ezik, pandemiak ere luzatu eta zaildu dezake enplegu publikoko lan deialdia

 

Horri gehitu behar zaio pandemiaren egoera. Hau da, jende ugarik oposizioetan parte hartuz gero, toki egokia kontratatu beharko du Udalak, prebentzio neurriak ezartzeko.

 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide