2001ean ibilbideari ekin zion Laudioko Gaztetxeak, aurten 20 urte beteko ditu. Laudioko Gazte Asanbladak urteurrena ospatzeko dinamika jarriko du martxan.
Gaur egingo dute dinamikaren aurkezpen publikoa, Laudioko Gaztetxean bertan, 12:00etan.
Dagoeneko aurkeztu dute 20. urteurrenean zehar erabiliko duten logo berria. Azaroan jarri zuten espazioaren logo berria bilatzeko lehiaketa abian.
Kritikak kultur etxearen itxieraren aurrean
Azaldu dutenez, azken urtea ez da izan Gaztetxeko kideek nahi zuten bezalakoa, martxoan hasi ziren Kultur Etxeko obrek gaztetxeko jarduna etetera behartu baitzituzten.
Duela urtebete prentsaurrekoa eskaini zuten, udalak obrak gaztetxea desalojatzeko baliatu nahi zituela salatzeko:
Asanbladak akordioa lortu zuen udalarekin, azken honek ziurtatu baitzuen Kultur etxeko obrak amaitzerakoan Gaztetxea erabiltzen jarraitu ahalko zutela.
Kultur Etxeko obren lehenengo fasea bukatuta dagoen arren, udalak eraikinaren ateak 2023ra arte zabalduko ez dituela adierazi du berriki, 2. fasea -barrualdeko lanena- bukatu arte. Horren ondorioz, zenbait eragile kultural biltzeko espaziorik gabe daude. Gaztetxea ere egoera horretan dago.
Gaztetxeko kideek Arabako Foru Aldundiak eta Udalak hartutako erabakiaren “arbitrariotasuna” salatu dute, KZ Gunea eta Euskaltegia bezalako espazioen erabilera errazteko lanak aurreratuko baititu.
“Argi dago Gaztetxetik kanpo nahi gaituztela eta espazioaren egoera helburu hori lortzeko aitzakia merkea baino ez dela” adierazi dute Gazte Asanbladako kideek eta gaineratu dute 20 urteko ibilbidean frogatu dela Gaztetxea espazio segurua dela.
Gaztetxea zabalik
“Laudioko gaztetxea azken 20 urteetan Laudioko gazteen eta ez hain gazteen elkargunea izan da, eta horren aldeko apustua egiten jarraituko dugu”, azaldu dute Gaztetxeko kideek. Espazioa albo batera utziko ez dutela azpimarratu dute: “Ez dugu gaztetxea albo batera utziko. Krisialdi kapitalistaren eraginak gogortzen ari diren honetan langileon interesen eta beharrizanen alde antolatzeko baliabideak sortzen jarraituko dugu”.
Hori dela eta, espazioaren funtzionamendua berrartzea erabaki dute, Laudiok espazio kultural eta politikoak behar dituela defendatuz: “Gaurtik aurrera segurtasun eta osasun neurri guztiak betez, gaztetxearen ateak zabalduko ditugu berriro”.
[HARIA]
— Laudioko Gaztetxea (@LaudioGaztetxea) January 5, 2021
Aurten 20 urte beteko ditu Laudioko Gaztetxeak eta urteurrena ospatzeko ateak berriz ireki ditugu. Udalaren eta Aldundiaren erabaki arbitrarioaren aurka Gaztetxearen beharrezkotasuna aldarrikatzen dugu eta horregatik, urteurrena gurekin ospatzera gonbidatzen zaituztegu. pic.twitter.com/VbdR7oAY8W