Laudioko Udal Gobernuaren lehenengo 18 hilabeteen balorazioa egin du EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 12a, 08:00
Koalizioak eskua luzatu dio udal gobernuari 2021eko erronkei heltzeko. / EH Bildu Laudio

EH Bilduren iritziz EAJk eta PSEk osatutako Udal Gobernua ez da “herritarren beharrei erantzuteko gai izan”. Koalizioak 2021ean ekarpenak egiten jarraitzeko konpromisoa adierazi du.

Agerraldia egin du Laudioko EH Bilduren udal taldeak, EAJ eta PSE-EE alderdiek osatutako udal gobernuaren lehenengo 18 hilabeteen balorazioa eskaintzeko. Koaliziaren iritziz, udal gobernua ez da “laudioarren beharrei erantzuteko gai izan”, eta gabezia hori egoera soziosanitarioak areagotu egin duela ondorioztatu du.

Ander Añibarroren kabinetea “propaganda kanpaina” batean murgilduta dagoela adierazi du EH Bilduk. Horren adibide da, opozisioko taldearen ustetan, irailean aurrekontuaren %23 gauzatu izana soilik.

Garatu gabe geratu diren proiektuen artean honakoak zerrendatu dituzte: tokiko mugikortasun iraunkorraren planaren diseinua, liburutegi eta ikasgela berria, Laudioko mapa kulturalaren diseinua, kultur eta kirol elkarteentzako diru-laguntzen egutegia eta auzoetako batzarren birformulazioa.

Gabeziak COVID-19aren aurrean

“Kezkagarria den zerbait baldin badago da COVID19aren ondorioak arintzeko diru-partiden tratamendua, horietako asko oraindik gauzatzeke daudelako", azaldu du Lamia Arcasek, koalizio abertzaleko bozeramaileak.

EH Bilduk azpimarratu du apiriletik jarri izan dituela krisi soziosanitarioari aurre egiteko neurriak mahaigainean, “kaltetutako sektoreei berehalako erantzun bat emateko”.

Era berean, txalo zaparrada eskaini nahi izan die talde politikoak “ekonomia familiarra aurrera ateratzeko eraginkorrak izandako erabakiak gobernuari itxaron gabe hartu zituztenei". Ostalaritza sektoreari, kulturgileei eta laguntza sareetan antolatutako gazteei ere egin diete keinua.

Murrizketak

Zenbait gai garrantzitsuetan murrizketak egin izana leporatu die EH Bilduk EAJ eta PSE-EE alderdiei. indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei zuzendutako diru laguntzak txikiagotzea eta garraio eta ostalaritza sektoreei zuzenean eragingo dieten tasak igotzea leporatu diete, besteak beste. 

2021eko erronkak

Urte berriari begira, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du krisiaren ondorio larriei aurre egitea. Ildo horretan, estrategikotzat jo dituzte Aiaraldeko ekonomia suspertzeko Eusko Legebiltzarrean bultzatutako ponentzia eta Europako Gizarte Funtsekin eskualdera iritsi daitezkeen inbertsioak.

EH Bilduk eskua luzatu dio udal gobernuari,  "adostasunetara iristeko, beharrei modu bateratuan erantzuteko eta merezi dugun herria eraikitzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide