2021-2022 urte bitartean egingo dute Kultura Etxeko obren bigarren fasea. Arabako Foru Aldundiak datorren astean aurkeztuko dio Udalari falta den berriztapen proiektua. Ander Añibarro alkatearen hitzetan, aurki izango dute eskuartean oinarrizko azpiegituraren aurreproiektua, "horrela eraikin horiei emango zaien erabilera zehaztu ahalko dugu. Hori oso positiboa da".
Joseba Amondok erantsi duenez, Kulturkom taldearekin ere bildu dira, SOS Parkearen oinordekoekin: "Eurekin kontaktuan gaude elkarlanean aritzeko proiektu honen etorkizunean". Aurreratu dutenez, 2021ean lizitatzea obra da gobernu taldearen helburua.
Udalak aurretik iragarri zuen Kultur Etxearen ateak ez direla 2023. urtera arte irekiko; Aldundiak obrak amaitu eta eraikinaren entrega egin arte
Egoera "konplikatua"
Arabako Foru Aldundiarena da eremuaren jabetza eta obra ardura. "Urkijo markesaren palazioaren egoera konplikatua da azpiegitura aldetik", ohartarazi du alkateak. "Guri kultura egoera onean egotea gustatuko litzaiguke, baina pandemiak eta Kultura Etxearen egoerak nabarmen zailtzen du. Ditugun txosten teknikoen arabera, ezinda inolako jarduerarik garatu uneotan".
Lehen fasea bukatu dute dagoeneko: fatxadak eta estalkiak konponduta daude. Alabaina, bigarren fasean barnealde guztiari heldu beharko diote. Hormak, leihoak... aldatzeak kaltetu egin ditu zenbait gune, "eta laginak egin dira barneko azpiegituren egoera jakiteko, etorkizuneko bideragarritasuna ezagutzeko".
Kultura Etxeko ohiko jarduerak etenda
Horrenbestez, bertan behera geratu dira ohikoan Kultura Etxean garatzen diren ikastaro eta ekintzak. Eraikin multzo horretan zeuden kokatuta herriko zenbait elkarteren lokalak ere. Gobernu taldeak prentsaurrekoan adierazi duenez, beste toki batzuetan kokatu dituzte eragileak. Arazo bat eragin die horrek, ordea: denentzako gune eza. Hargatik, lokalak partekatzeko aukera aztertzen ari dira, udalaren espazioen inbentarioa egin eta gero. "Orain arte lokalak libre zeuden eta ez genuen arazorik. Elkarte batzuek astean behin joateko lokal propioa zuten. Orain, eskaera gehiago daude gelak baino, eta neurriak hartu beharko ditugu berrantolaketa egiteko". Laudioko taldeekin bilduko dira horretarako, baita Kultura Planaren nondik norakoak lantzeko ere, "Laudio nora heltzea nahi dugun jakiteko".
Pandemiak kultur jarduna zaildu arren, ahalik eta lasterren nahi dute berriro abiatzea eskaintza. "Kirol ikastaroak edo Kultura Etxearen kudeaketa bideratuta duade, guri ahlaik eta lasterren abiatzea interesatzen zaigu", erantsi dute.
Trantsizio arkitektura
KULTURKON asanbladak trantsizio arkitektuaren aldeko apustua jarri zuen mahaigainean, Udalak Kultur Etxea 2023ra arte itxita mantenduko zuela iragarri zuenean. Euskal Herriko beste hainbat eraberritze prozesuetan egin bezala, eredu hori Laudioko Kultura Etxeko obretara ekartzea eskatu dute KULTURKONeko kideek. Finean, Lamuzako eraikin multzoan faseka esku hartzeko aukera aztertzea eta inguruan behin-behineko erabilerak dituzten eraikinak eraikitzea proposatu dute, kultur jarduerak eten ez daitezen.
Bide beretik, proposamen hori luzatu dute ere Laudioko Gaztetxeko kideek, plazaratu berri duten oharrean.