Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Kultur erresistentzia mugimendu baten parte gara ipuin kontalariak”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 3a, 06:00
"Kandinga lehoia" liburua plazaratu berri du Boniface Ofogok. / Aiaraldea.eus

BONIFACE OFOGOk (Omasa, Kamerun, 1966) ipuin kontalari gisa egiten du lan. Afrikako kontakizunak bildu eta plazaratzen ditu. Hainbat liburu argitaratu ditu, eta argitaratu berri du euskarazko lehena, Pamiela argitaletxearekin. 

Kamerunen sortu zinen baina urteak daramatzazu Laudion bizitzen. Nolatan?

1988ko irailaren 22an iritsi nintzen Madrilera. 2006. urtera arte egon nintzen bertan bizitzen. Ordura arte bisitan etortzen ginen noizbehinka Laudiora, nire bikotea hemengoa delako. Higiezinen burbuilaren biktima izan ginen. Nire seme-alabak jaio zirenean etxe handiago bat bilatzen hasi ginen, baina ez genuen Madrilen topatzerik izan. Gauzak hala, Laudiora bizitzera etortzea erabaki genuen, familiaren etxea eta sostengua genituelako. Hala ere, ni Madrilera noa sarritan, lan kontuengatik. 

Nola hasi zinen ipuin kontalari gisa lan egiten?

Beka batekin joan nintzen Kamerunetik Madrilera. Hispanitate Filologia ikasi nuen, eta master bat ere egin nuen, migrazioei eta komunitateen arteko harremanei buruzkoa. 1999tik 2006ra alor horretan egin nuen lan, baina unibertsitatean ipuinak kontatzen hasi nintzen. Hori egitetik soilik bizi nintekeela konturatu nintzenean uko egin nion beste lanari. 

Kasualitatez hasi zen dena. Unibertsitateko Kultur Astean ipuin afrikar bat kontatzea proposatu zidaten, 1992. urtean. Ipuin hori urte honen amaieran argitaratuko dut, ilustratze fasean dago. Ipuin bakarra kontatu nuen, baina harrera izugarria izan zuen. Lagun eta irakasle ugarik zoriondu ninduten. Liburutegi eta eskoletatik deitzeari ekin zioten, eta orain hori da nire ogibidea. Herrialde asko bisitatzen ditut. Afrika eta Hego Amerikan asko aritzen naiz. Urrian Kariben egon nintzen, adibidez. Badago Internet bidez ezagutzen nauen eta niregana jotzen duen jendea, baina toki gehienetan dagoeneko izan dute nire berri. Jaialdi guztietan ezagutzen naute. Iragan astean Alemaniako Nazioarteko Eskolan egon nintzen, Frankfurten, telematikoki. Europako hizkuntza asko irakasten dituzte bertan, eta nik gazteleraz zein frantsesez kontatu ditut ipuinak. 

“Afrikako herrien filosofiaren funtsa euren ipuinetan dago”

Zertan datza zehazki zure lana?

Publiko bati istorio bat kontatzean, antzina bezala. Eskola eta liburutegietan aritzen naiz batez ere. Heldu zein haurrentzako kontakizunak ditut, eta zenbait liburu argitaratu ditut. Hilabete honen amaieran argitaratuko da euskaraz egin dudan lehena: Kandinga lehoia. Ipuin hori euskaraz kontatzen ikasteko asmoa daukat, nire alabaren laguntzarekin. Jarraitzaile klub bat dut Lauro Ikastolan, Leioan, eta ipuina euskaraz kontatuko niela hitzeman nien. Ez naiz zerotik hasiko, Madrilen 1995. urtean euskara apur bat ikasi nuelako Euskal Etxean. Jada ahaztu zait, baina hemen bizi naizenez ohitua nago euskara entzutera. 

Zer kontatzen du Pamiela argitaletxearekin plazaratzear zauden liburuak?

Fabula bat da, album ilustratu formatuan. Bere boterea gehiegikeriaz erabiltzen duen lehoi baten istorioa da. 

Ipuin afrikarrak kontatzen dituzu. Zer dute berezi kontinente horretako kontakizunek?

Beste toki batzuetako ipuinak kontatzeko badaude beste kontalari batzuk, ni ipuin afrikarretara mugatzen naiz. 

“Orain argitaratuko dudan liburua buruz ikasiko dut, euskaraz kontatu ahal izateko”

Afrikako kultura ahoz-ahokoa da batez ere, ia dena transmititzen da horrela, eta hori islatzen da ipuinetan. Antzinako memoria berreskuratzeko saiakerak egiten dira ipuinen bidez. Afrikako herrien filosofiaren funtsa euren ipuinetan dago. Afrikara gerturatu nahi baduzu bere ahoz ahoko tradiziora hurbildu behar zara lehenbizi, ipuinetara batez ere. Modu horretan gauza asko ulertu daitezke. 

Ipuinak umeentzako direla esan ohi da askotan, baina zure publikoa helduek osatzen dute maiz. 

Betidanik pentsatu izan da ipuinak umeentzako soilik direla, baina pertsona orok du ipuinen beharra, bere kokapen sozial, adin edo lanbidea edozein izanik ere. Kolonbia bezalako herrialdeetara noanean antzokiak ikusten ditut jendez lepo. Gorbatadun jendea, umerik gabe, ipuinak entzuteko prest; eta sarrera ordaintzen dute gainera! Gizakion beharrizan bat da. Ume garaiko herentzia berreskuratzen dugu horrela. Denok dugu imajinazioarekin bidaiatzeko eta istorio erreal zein asmatuak irudikatzeko beharra. 

Ahotsa da erabiltzen duzun lanabes bakarra?

Bai. Orain, pandemia hasi zenetik, online saio asko egiten ditut. Ahotsa eta hitza dira nire lehengaiak. Baina begirada eta keinuek ere dute garrantzia istorio bat ondo kontatzerako orduan. Jantzi afrikarra janzten dut emanaldietan, eta ahotsa eta keinuak baliatuta kontatzen dut istorioa. Ikusleak lelotuta geratzen dira. 

“Ipuinetako asko datoz nire txikitako oroitzape-netatik. Baina, aldi berean, nire jatorrizko herrira joaten naiz. Herrixka horretan ez dago argindarrik, eta ahoz ahoko tradizioa indartsu dago oraindik”

Zenbait liburu argitaratu dituzula aipatu duzu.

Bai. 2006. urtean plazaratu nuen lehena: Una vida de cuento. Espainiako Hezkuntza Ministerioak eskatu zidan. Eskola askok esan omen zuten hezkuntzako helburu gehiago betetzen nituela nik ipuin-saio bakarrean eurek urtebetean baino, kultur aniztasuna edota baloreen transmisioari dagokienez. 

Kalandraka argitaletxearekin lan egin ohi dut. Onenak dira haurrentzako materialak ekoizten, eta Pamiela argitaletxearekin elkarlanean aritzen dira. 

Oso ezberdina da ipuin bat kontatzea edo idaztea?

Osagarriak dira bi jarduerak. Elisa Arguile ilustratzailearekin lan egin dut. Espainiako Ilustrazio Saria irabazi du. Nik istorioa egin eta bidaltzen diot, eta bera arduratzen da marrazkiak egiteaz. Orain eleberri bat idazten ari naiz. Hemendik hilabete gutxira amaitzea espero dut. 2017. urtean hasi nuen. 

Proiektu berriak dituzu, beraz. 

Bai. Pandemia hasi zenean ipuin kontaketa saioak eten ziren, baina orain berriz heldu diet. Lehen hiruhilekoko agenda ia beteta daukat. Baikorregia izan naiteke agian, baina uste dut jende orok nahi duela gauzak ondo joatea, kultura munduan dabilen jendeak batez ere. Badago borondatea kultur langileen zein programatzaileekin partetik. Horregatik naiz baikorra. 
Nobela laster amaitzea espero dut. Badut idatzita, berrikuspen fasean dago. Udaberrirako argitaratzea espero dut. 

Zeri buruzkoa da eleberria?

Etorkin baten bizitza du hizpide, hirugarren pertsonan kontatuta. Kanpoan urte batzuk eman ostean bere sorterrira itzuli behar da, bere aita zaintzera, gaixorik dagoelako. Ospitalean daudenean pandemia hasten da. Badago herrialdearen egoerari lotutako trama politiko bat... Nire herrialdearen istorioa kontatzen du, funtsean. Nire bizitzan inspiratua dago, baina fikziozko zati asko ditu. 

Badago aldea ipuin bat idaztetik eleberri bat osatzera. Eroso sentitu zara?

Bai, oso eroso. Konfinamenduan zehar ez nintzen aspertu (barreak). 2017. urtean hasi nuen, baina iaz idatzi nuen gehiena. Egunero idazten nuen, beharrezkoa delako diziplina izatea. 

Nola osatzen dituzu kontatu edo idazten dituzun ipuinak? Zuk txikitan entzundakoak dira edo ikerketa lanen bat egin duzu kontakizunak berreskuratzeko?

Ipuinetako asko datoz nire txikitako oroitzapenetatik. Baina, aldi berean, nire jatorriko herrira joaten naiz. Herrixka horretan ez dago argindarrik, eta ahoz ahoko tradizioa indartsu dago oraindik. Bertatik ipuinak jasotzen jarraitzen dut. Nire istorio guztiak daude errealitate horretan inspiratuta. 

“Mendebaldeko ipuinek moral kristau eta burgesaren zentsura dute, afrikarrek ez bezala”

Aldaketa asko daude Afrikako zonalde bateko eta beste bateko ipuinen artean?

Kultura guztietako ipuinek dute elkarrekiko antz handia. Pertsona guztioi kezkatzen gaituzten arazoei erantzunak bilatzeko saiakerak dira ipuinak. Erantzun hori ezberdina izan daiteke tokiaren arabera, baina arazoak berdinak dira: ezezagunarekiko beldurra, heriotzaren ostean zer gertatzen den, besteekiko harremanak... hori dena islatzen da ipuinetan, arketipo moduan. Mendebaldeko herrietako eta Afrikako ipuinak antzekoak ziren, baina lehengoek zentsura pairatu zuten kristau eta burges moralen partetik.  Zentsura hori ere ikusi daiteke fraide katolikoek eginiko ipuin afrikarren bildumetan. 

Kandinga lehoiaren ipuinean, adibidez, pertsonaia nagusia hil egiten da. Sekulako eztabaida izan nuen argitaletxearekin, umeak horrelakoetara ohituak ez zeudela argudiatzen zidatelako. Ez daude ohituak, ez; baina bertsio faltsutuak kontatu dizkiegulako. Txanogorritxu, jatorrian, ipuin krudela bat, baina moralaren filtrotik pasarazi dute, ehiztariaren pertsonaia sartuz eta amona azken unean otsoaren sabeletik aterata. 

“Funtsezkoa da gurasoak seme-alabei gauero ipuinak kontatzea, baina gaur egun ez dago horretarako denborarik”

Zer nolako etorkizuna ikusten diozu ipuin kontalaritzari? Ahoz ahoko transmisioa mantendu egingo dela uste duzu?

Ipuin kontalariak kultur erresistentzia mugimendu baten parte gara, aldaketarekiko erresistentzia, komunikazio birtualaren aurrean. Gizakiak gara hitzez komunikatzen garen bakarrak. Ipuin kontalariok ez dugu hitza hiltzen utziko. Etorkizun oparoa ikusten diot ogibide honi, paradoxikoki. Badago zerbait garrantzitsua galtzen ari garenaren kontzientzia. Konfinamendua hasi zenean ipuin kontaketa saio bat egin nuen zuzenean sare sozialen bidez, etxean  geratu behar ziren ume guztientzako. 10.000 ikustaldi izan zituen. Umeek marrazki bizidunak eta beste hainbat entretenimendu dituzte, baina ipuinen beharra dute oraindik. 

“Orain jende nagusia zahar etxeetan sartzen dugu, eta bilobekiko transmisioa apurtzen da”

Baina ez duzu uste ahoz ahoko transmisioa galtzen ari denik?

Galtzen ari da. Bizitzeko moduak eragin handia du horretan. Orain jende nagusia zaharren egoitzetan sartzen dugu, eta bilobekiko transmisioa apurtzen dugu horrela. Antzina, baserrietan, haurrak nagusiekin zeuden. Gizakiok ez dugu ahoz ahoko transmisioa gorroto, baina belaunaldien artean dagoen tarteak galarazi egiten du transmisio hori egin ahal izatea. Funtsezkoa da gurasoak seme-alabei gauero ipuinak kontatzea, baina gaur egun ez dago horretarako denborarik.

Ipuinak gazteleraz eta frantsesez kontatzen dituzu, baina horretarako itzultzen lana egin behar duzu, ez?

Hala da. Ez da nahikoa itzulpen linguistikoa egitearekin, kultur itzulpena ere egin behar da. Gauza batzuk nire herrian nire ama hizkuntzan esaten baditut jendea barrez lehertzen da, baina frantsesez esaten baditut ez dute graziarik sortzen. Moldaketak egin behar ditut. 

Hizkuntzak komunikaziorako bide huts izango balira nahikoa izango genuke bakarra jakitearekin, ingelesa eta listo, hori baita munduan inposatzen ari dena. Baina hizkuntza bat komunikatzeko bide bat baino gehiago da. Hizkuntza bat kultura baten espresiobidea da, sentsibilitate batena, emozio batena, mundua ikusteko modu batena.

Horregatik da horren garrantzitsua hizkuntza mantentzea. Hizkuntza bat desagertzea tragedia bat da. Ekologiaren ikuspegitik, espezie bat galtzea bezain larria da, atzean dagoen guztia desagertzen delako. Euskara desagertuko balitz sekulako arazoa sortuko litzateke, gauza asko euskaraz soilik adierazi daitezkeelako. Gazteleraz eta frantsesez hitz egiten dut, baina badaude gauza batzuk nire ama hizkuntzan -yambassa- soilik adierazi ahal ditudanak. Horregatik naiz hizkuntza oro defendatzearen aldekoa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide