Abenduan aurkeztu zuen Laudio Ikastolak 2021eko Araba Euskaraz jaialdia. Zabal bideak lemapean, urte osoan zehar ekitaldiz girotuko dute herria. Hala, Laudio Ikastola laguntzeko jarduera ugari egongo dira. Aurreratu dutenez, hilean behin ekitaldi bat antolatzea izango da asmoa.
Bakardadeak garaitu zituenak izan da ikuskizunen artean lehenbizikoa. Granja kiroldegian burutu dute emanaldia, kirol pistan. Bertan izan dira Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Aiara Murga Laudio Ikastolako presidentea edota Jon Bengoetxea zentroko zuzendaria, besteak beste.
Zuzeneko musikaz, dantzaz eta bertsoez gozatzeko parada izan dute gerturatutako ehundik gora lagunek.