Laudio Ikastolak aurrera jarraitzen du 2021eko Araba Euskarazeko plangintzarekin. "Bide zabal eta luze horrek helmuga ekainaren 20an izango badu ere, hilabetero ahal dela, euskara eta euskal kultura sustatzeko jarduerak antolatzen saiatuko gara", azaldu du Aiara Murga Egiak, Laudio Ikastolako lehendakariak.
Martxoaren 14an mugarri berri bat jarriko dute '10.000 kilometro BAIETZ!' ekimenarekin. Laudioarrak euskararen alde mobilizatzea dute helburu, euskararen alde kilometroak osatuz.
Erronka eguna
9:00etan emango diote hasiera erronkari, eta 19:00ak arte Zumalakarregi etorbidean joan etorriak eginez osatuko dituzte kilometroak, 10.000 kilometroen langa gainditu arte. "Helburua 10 ordutan 10.000 km egitea izanik, 5 km, 5 joan-etorri, egiten duten 2.000 pertsona biltzea litzateke erronka. Orduro gutxienez 200 pertsona" adierazi dute antolatzaileek. Ibilbidea oinez, korrika bizikletan edota patinetan osatu ahalko da.
Ekimenean parte hartzeko aldez aurretik eman beharko da izena arabaeuskaraz.eus webgunean edo martxoaren 14an Gurutze Gorrian eta Anbulatorioan jarriko diren erregistro guneetan.
Zumalakarregi etorbidea euskaraz betetzea da asmoa. Horretarako Laudioko ikastetxe zein eragileei bidea zabaldu nahi diegu, haiekin harremanetan jarriko gara, elkarrekin euskarari bidea zabal diezaiogun", azaldu du Jon Bengoetxeak, Laudio Ikastolako zuzendariak.
Youtube kanala abian
Laudio Ikastolak Youtube kanala ireki du erronkara batuko diren laudioarren testigantzak jasotzeko. Edozeinek jarri dezake Araba Euskarazen aldeko bere alea bideo laburra arabaeuskaraz@ehi.ikastola.eus helbidera bidaliz.