Otsailaren 23an Tubacexeko piketean egondako protestetan zauritutako 16 ertzainen lesioen parteak helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Legebiltzarrari, EH Bilduk eskatuta.
Hainbat kontu esanguratsu ondorioztatu daitezke dokumentu horiek ikusita. Alde batetik, nabarmentzekoa da polizia guztiek lesio arinak baino ez zituztela izan, eta 16 agenteetatik 2k baino ez zutela baja hartu.
Horietako batek “hatzamarretan mina hartu” zuelako hartu zuen baja; besteak, aldiz, “sorbaldan mina hartu zuelako”. Hau da, ez zioten erasoen ondorioz utzi lan egiteari.
Beste poliziek, aldiz, bestelako lesioak izan zituzten. Batek “kolpeak” jaso zituen gerrialdean, bigarren bati “eskua zapaldu” zioten, hirugarren batek “ostikada bat” jaso zuen izterrean eta laugarren bati “objetu bat” bota zioten, besteak beste.
Hala ere, bi polizia “atxiloketak gauzatzen” ari zirela lesionatu ziren. Batek “sastada” izan zuen hankan, “mugimendu ez-koordinatuak, bat-batekoak edo desegokiak” egiteagatik, eta besteak mina hartu zuen eskumuturrean.
Hiru zauritu arratsaldeko karga eta atxiloketan
Polizia gehienak -13- goizeko gertakarietan zauritu ziren:
Beste hirurak arratsaldeko lauretan lesionatu ziren, kargatu eta langile bat atxilotu zutenean:
Ertzaintzak borrak baliatu zituen langileak kolpatu eta zuzendaritzaren autobusari sarbidea errazteko. Beharginek egunean bertan salatu zuten hainbat pertsona zauritu zirela, eta zaurien argazkiak zabaldu zituzten.
Esan sindikatu polizialak, bere aldetik, gogor kritikatu zuen gertatutakoa, eta gomazko pilotak berriz baimendu beharko liratekeela iradoki zuen.
Piercing-a urratuta
Deigarria da baita lesionatuetako batek piercing bat zeukala titi-buruan, eta istiluetan urratu zitzaiola, “tiratu egin ziotelako”. Hala ere, Ertzaintzaren arautegiak aipatzen du horrelako apaingarriak ezin direla eraman lanean. Hala azaldu du Julen Arzuagak, sare sozialen bidez.
Jasotako informazioaren balorazioa egin du EH Bilduko legebiltzarkideak. Bere iritziz, lesioen parteak “estereotipatuak” dira: “oso antzekoak dira elkarren artean eta ez dira batere larriak, 'azalekoak' dira, ez dute bajarik ekarri”.