ARABA EUSKARAZ

“Pandemiak azkartu egin du Araba Euskaraz jaiaren eraldaketa prozesua”

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 10:18

Jon Bengoetxea eta Aiara Murga. / Aiaraldea.eus

JON BENGOETXEA MARTINEZ (Lekeitio, 1972) eta AIARA MURGA EGIA (Laudio, 1979) Laudio Ikastolako zuzendaria eta lehendakaria dira, hurrenez hurren. Igandeko Araba Euskaraz jaiaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Igandean izango da Araba Euskaraz jaia Laudion. Ez da ohiko jaia izango, COVID-19a dela eta. Baina, pandemiak pandemia, buruan zenuten jai eredua eraldatzearen ideia, ezta?

Aiara Murga Egia: Bai. Hasierako bileretan ikusten genuen aurtengo jaiak zubi lana egingo duela aurreko urteetako eta etorkizuneko edizioen artean. Jaia eraldatzearen ideiak urte batzuk daramatza pil-pilean. Gipuzkoan hasiak dira dagoeneko.

Jon Bengoetxea Martinez: Nik uste dut eraldaketa maila teorikoan eman dela batez ere. Oso zaila da formatu erraldoia egiteari uztea. 
Baina pandemiak zeozer erakutsi badigu hori izan da: urtean zehar ere egin daitezkeela horren masiboak ez diren herri ekintzak. Horrelako egitasmoek (“10.000 kilometro baietz!” bezalakoek) indarra hartuko dute datozen urteetan.

“Aiaraldeko familientzat osatua dago igandeko egitaraua”

Pandemiak eraldaketa prozesu hori azkartu du, beraz. Zertan islatuko da eraldaketa hori igandeko egitarauan?

A.M.E.: Jaia ez dugu egun bakarrean zentratu, hainbat hilabetetan  zehar zabaldu dugu.

J.B.M.: Apur bat alboratu dugu “gunekako formatua”, pandemiak behartu gaituelako. Etorkizunean baliteke formatua ez izatea 5-6  gunez osatutako zirkuitu bat. Uste dut zerbait ezberdina izango dela, eta hurbilago egongo dela igande honetako planteamendutik aurreko edizioetakoetatik baino. Pare bat gune planteatuko ditugu, egun-pasan aritzeko emanaldi eta ekintzekin.

Zailtasunak izan ditugu egitarau hori osatzeko, COVID-19a dela eta. 10.000 kilometro baietz! bezalako ekimen bat Araba osoan egitea planteatuko bagenu, adibidez, ezingo litzateke egin. Gazteentzako kontzertu bat ere ez dugu zertan azken egun horretan kokatu, urtean zehar ere egin ahalko litzateke, azken jaira itxaron gabe.

Etorkizunera begira, hau da argi dagoena: Araba Euskaraz euskara-gune bat izango dela, eta familietara bideratutako ekintzak egingo direla batez ere. Hori izango da joera.

Igandeko jaia Aiaraldeko familientzat diseinatua egongo da. Aukera polita izango da goiz edo egun pasa egitera bertaratzeko. Egunaren helburua ez da ekonomikoa izango, asko zaigu dirua ez galtzearekin. Horregatik, familiei aukera bat luzatu nahi diegu, eskaintza ezberdin batez gozatzeko.

Aipatu duzuenez, ekintza guztiak ez dituzue igandeko jaian pilatu. Ikasturtean zehar ere hainbat ekimen burutu dituzue. Zer nolako harrera izan dute?

A.M.E.: Oso pozik gaude. Ekimen indartsuena “10.000 kilometro baietz!” izan zen, eta ez genuen espero izan zuen harrera. Unea ez zen hona, pandemiaren une latz batean egin zen, baina jende askok parte hartu zuen, ez genuen espero.

Orienatzio probak ere arrakasta Itzela izan zuen. Hainbat egun lehenago itxi behar izan genuen izen-ematea, jada beteta zegoelako. Ikusten da jendeak baduela gogoa ekibntzetan parte hartzeko, eta harrera oso ona izan da.

J.B.M.: Nik nabarmendu nahiko nuke berandu hasi garela ekintza hauek antolatzen. Pandemiaren hasiera eta itxialdia izan genituen iaz. Gero etorri zen uda, eta ez genekien Araba Euskaraz antolatuko genuen edo ez. Zalantza horrekin egon ginen urrira arte.

Abenduaren amaieran hasi ginen lanean, denda irekita. Azken bost hilabeteetan ekintza batetik bestera egin dugu salto, gelditu gabe. Ohiko Araba Euskaraz batean gauza asko aurreko udatik egongo lirateke prest.

Askoz biziagoa izan da antolakuntza prozesua, orduan.

J.B.M.: Bai. Baliteke azken eguna horren bizia ez izatea, baina “10.000 kilometro baietz!” antolatzea, adibidez, zoramena izan zen. Aurkezpen ekitaldia ere zaila izan zen: aulkiak garbitzea, kontingentzia plana, baimenak… dena zen berria.

10.000 kilometro baietz! ekimena egin ostean aipatu zenuten etorkizunean edizio gehiago egiteko aukera baloratzen zeundetela. Horretarako bokazioa dute planteatu dituzuen ekintzek?

A.M.E.: 10.000 kilometro baietz! egin genuenean esan genuen hartuko genuela bi urtean behin antolatzeko konpromisoa. Erronka aurrera atera zen eta konpromisoa hor dago. Arabako gainontzeko ikastolei ere gustatu zaie ideia, baina ez dakigu Araba Euskarazen baitako ekitaldi bat bezala geratuko den edo ez. Konpromiso bat hartu genuen eta betetzen saiatuko gara.

J.B.M.: Batzuetan iruditzen zait iraganean asmatutako gauzez bizitzeko joera dugula. Asko kostatzen zaigu gauza berriak sortzea. Ikastolak Inauterietako desfilea edota danborrada abiatu zituen bere garaian, baina jendeak behar ditu parte hartzeko aukera berriak, eta ildo horretan kokatzen ditugu mota honetako ekintzak, euskaraz gure herriko jendearentzat antolatuta. Hasi behar dugu sortzaileak izaten.

A.M.E.: Ikastola bizirik dagoela erakutsi behar dugu, herrira eraman. Hori da aurten lortu dugun gauzetako bat: ikastola herriaren bidez bizi dela.

“Ikastola bizirik dagoela erakutsi behar dugu, herrira eraman. Ikastola herriaren bidez bizi da.” 

Hezkuntza komunitateari dagokionez, zer nolako egoera dago?

A.M.E.: Inplikazio handia egon da hezkuntza komunitatearen partetik. 10.000 kilometro baietz ekimenari begira, ikastolako langileek asko motibatu zituzten umeak, eta hori nabaritu egin zen gero.

Bideoklipean ere inplikazio handia egon zen.

J.B.M.: Dena den, ez da urterik onena izan. Konturatzen zara egoera honek eragina izan duela pertsona gehienengan. Orain gehiago mugatzen dugu gure burua, edozein gauzaren aurrean. Duela bi hilabete, adibidez, sekulako indarra egin behar zen jendeak ekintzetan izena emateko. Hasi gara beldur horiek gainditzen, baina kostatuko zaigu.

Behin igandeko jaia bukatuta, zer?

J.B.M: Nik uste dut ikastola (eta hezkuntza mundua, oro har) eraldaketa batean murgiltzen ari dela. 

Datozen urteetan gauzak ezberdin egingo ditugu, izan lege batek derrigortzen gaituelako edo gure kabuz egiten dugulako. Goitik behera aldatuko da hezkuntza, eta Laudio Ikastola bete-betean sartuko da eraldaketa prozesu horretan. Ea euskalduntze-prozesuan ere asmatzen dugun.

A.M.E.: Oraingo helburua hori ere bada: proiektu pedagogikoaren eraldaketa bultzatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide