Helmuga baino, bidea helburu izan du Araba Euskaraz jaiak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 18a, 11:33

Araba Euskaraz jaia ekainaren 20an ospatuko den arren, egitasmoak urrats ugari eman ditu dagoeneko, eta ugariak izan dira azken hilabeteetan antolatutako ekintzak. 

Amurrioko Aresketa Ikastolari lekukoa hartuta, 2020ko abenduan aurkeztu zuen ofizialki Laudio Ikastolak Araba Euskaraz Jaialdiaren edizio berria. “Zabal Bideak” lemapean. Pandemia egoerak sortutako egoerari aurre egiteko “ilusioz eta kemenez” aurkeztu zuten egitasmoa, eta COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriei moldatuz joan dira unean une.

Jaialdiaren data ekainaren 20an finkatuta egon arren, lehenengo unetik azpimarratu zuten ikastolako kideek ez zutela Araba Euskaraz asteburu bakar batera mugatuko. Kontrara, ikasturte guztian zehar presente egon da, euskarari bide berriak zabalduz etengabe.

Otsailean antolatu zuten jaialdiaren barruko lehenengo ekitaldi kulturala: Bertsoak, dantza eta musika uztartuz Laudioko Granja kiroldegia goraino bete zuen Bakardadeak garaitu ez zituenak izeneko ikuskizunak. Geroztik, ekimen ugari egin dituzte Laudio Ikastola lagundu eta herria girotzeko helburuarekin.

Martxoaren 14an “10.000 kilometro baietz!” erronka jarri zuten mahaigainean. 1.500 pertsonek hartu dute parte euskararen aldeko egitasmoan, Zumalakarregi etorbideko punta batetik bestera 11.280 kilometro eginda guztira.

Ekimen bateratuak

Araba Euskaraz jaiari begirako egitasmoak ez ezik, Euskal Herriko beste ikastolekin elkarlanean hainbat jarduera burutu dituzte azken ikasturtean Laudio Ikastolako ikasle eta irakasleek. 

“Ikastolak Herriari” lemapean horma irudiak egin dituzte, eta horietako bat Granja kiroldegiko eskaileretan dago ikusgai. Ikastolen aldeko jai desberdinak zeharkatzen ari den liburu ibiltariak ere geldialdia egingo du Laudion, eta Lizarra Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez jaialdia izango du helmuga.

Komiki lehiaketa ere antolatu dute eta Laudioko ikaslea den Jugatx Larrakoetxearen Amaiurko setioari buruzko lanak irabazi du lehen saria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide