Diktadura frankista indarrean eta traba legal, politiko eta ekonomikoak tarteko, 1971. urteko ikasturtean abiatu zuen bere ibilbidea Laudio Ikastolak, garai hartan sortutako beste hainbetse Ikastolak bezala. 20 ikasle izan ziren lehenengo urrats horren protagonista, eta ikasleen familiek hezkuntza kooperatiba sortu zuten. Laudioko Galmaka auzoan hasita, hainbat kokaleku desberdin izan zituen ikastetxeak, 1979an gaur egungo egoitzako ateak zabaldu zituen arte. Egoitza berriak ezinbesteko aurrerapausoa ekarri zuen urtez urte handituz zihoan ikasle taldearen beharrei heltzeko.
Urtebete beranduago, 1980an Laudio Ikastolako lehen promozioa irten zen zentrotik, eta Laudio Institutuan sortu berria zen lehen talde euskaldunean jarraitu zuten ikasketekin aurrera.Lehen promozioaren irteerarekin bat eginez urte horretan bertan lortu zuen Ikastolak legezko aitortza osoa.
Herriari lotua
Ikastolaren ibilbideak lotura estua izan du Laudioko herri ekimenekin. Esaterako, herrian antolatutako lehen Olentzero jaia Ikastolak berak bultzatutako ekimena izan zen 1972an. garai hartan ere ikastetxearen sostengurako taberna zabaldu zuten Laudioko Herriko Plazan, euskara eta euskal kultura babestea ardatz hartuta.
Etengabeko hazkundea
1980 eta 1990eko hamarkadan etengabeko hazkundea bizi izan zuen Ikastolak. 1983 an Araba Euskaraz jaia ospatu zen aurrenekoz Laudion. 1990ean BBBko lehen promozioa abiatu zen, ikasleei Ikastolan bertan ikasketekin jarraitzeko aukera eskainiz. Handik urtebetera, 1991n Laudio Txiki egitasmoa sortu eta 2 urteko gela abiatu zuten Ugarte auzoko egoitzan. Eleanitz proiektuari ere bidea zabaldu zioten 1994an. 4 urteko ikasleekin abiatu zuten lerro berria.
Behin betiko egoitza
1999. urtean beste mugarri bat jarri zuen Laudio Ikastolak bere ibilbide oparoan; 1979an abian jarritako egoitzaren handitzea gauzatu zen urte horretan. Horrek maila eta lerro guztiak eremu berdinean batzeko aukera eskaini zuen. Izan ere Lehen Hezkuntzarako espazio berria egokitu zuten, eta Laudio Txiki zein Bigarren Hezkuntza Ugarteko behin behineko egoitzatik atera eta Motxotekale bideko eraikinean elkartu zituzten. Gainera Bigarren Hezkuntzaren Ondorengo ikasketei segida emateko asmoari heldu eta Batxilergo eskaintza sendoa osatu zuten.
“Txikia zainduz handitu” lelopean eman zioten XIX.mendeari ongi etorria Laudio Ikastolan, eta DBH eta Batxilergo mailak sendotzeaz gain, 2003an Haur Hezkuntzako ziklo osoa estreinatu zuten 0, 1 eta 2 urteko haurren eskolatzea bermatuz.
50. urte
Datorren 2021/2022 ikasturtean helduko dio Laudio Ikastolak 50. urteurreneko ospakizunei. Prestaketa lanetan daude dagoeneko. Egoerak eskaintzen dituen aukeren arabera antolatuko dute egitaraua. Asmoa argia da: Ikastolako hezkuntza komunitatean bidelagun izan dituzten guztiekin ospatu nahi dute 50. urteurrena.