“Eskutik eskura guztion eskura, ahorik aho, zabal dezagun euskara mundura!”. Horrela hasten da aurtengo Araba Euskaraz jaiaren abestia, eta esaldi horrek balio du baita ere abestiaren sorkuntza prozesua deskribatzeko, eskurik esku eginiko lana izan baita, hainbat sortzaileren parte hartzearekin garatutakoa.
Izar Mendiguren Cosgaya bertsolariak abiatu zuen prozesua, abestiaren letra osatuz. Egoitz Uriarteren txanda iritsi zen gero. Bera arduratu da kanta konposatzeaz, baina hainbat musikari izan ditu bidelagun: Endika Guerrero (saxo tenorea), Iskander Vesga (saxo altua), Garazi Orueta (klarinetea), Laura Pelayo (zeharkako flauta), Felix Miguel Adrian (tronpeta), Flor Inza (perkusioa), Daniel Lamperez (teklatuak) eta Enric Gomez (baxua). Uriarte bera arduratu da abesteaz, Aiala Mendieta, Xabi Basterra, Ana Brau eta Laudio Ikastolako zenbait ikaslerekin batera.
Munduko hainbat txokotako musiken nahasketa bat egitea zen Uriarteren helburua, baina pandemiak nabarmen mugatu zuen grabaketa prozesua.
Grabaketa gehienak etxean bertan egin behar izan zituen musikariak, eta abestiaren zati batzuk euren kabuz grabatu behar izan zituzten musikariek. Hala ere, Uriarte pozik dago lortutako emaitzarekin.
Koreografia
Oso abesti dantzagarria osatu dute musikariek, lelo itsaskorrarekin eta udarako gonbitea luzatzen duten haize doinuekin.Gauzak hala, Ainize Solauni erraza egin zitzaion kantaren koreografia osatzea. “Ikastolako kideei esan nien ez nuela denbora askorik, eta kanta entzun ostean baloratuko nuela ea koreografia egiteko gai nintzen edo ez”, azaldu du dantzari amurrioarrak, “baina kanta entzun nuenean berehala etorri zitzaidan dantzarako ideia burura, eta azkar batean garatu nuen”.
Bideoklipa
Bideokliparekin batera aurkeztu zuten abestia. Aiaraldea Ekintzen Faktoria arduratu zen ikus-entzunezkoa ekoizteaz.
Hainbat grabaketa egun behar izan zituzten irudi guztiak grabatzeko, ikastolako hezkuntza komunitateko ahalik eta jende gehien agertzea baitzuten helburu.