Goizeko hamarretan eman diote hasiera jaiari, Herriko plazan eginiko ekitaldiarekin. Hainbat ordezkari politikok hartu dute hitza bertan: Ander Añibarro alkateak, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak. Trebiñuko Argantzun Ikastolari pasa diote Araba Euskarazen lekukoa. Gauzak hala, 2022an eskola horri egokituko zaio ekimena antolatzea.
Pandemia egoera dela eta, ohiko jai-eredua eraldatu dute antolatzaileek. Baina muga bat izan zitekeena aukera bihurtzen asmatu dute, ohikoan egingo ez liratekeen ekintzak burututa.
Bi gune nagusi egon dira: Herriko eta Aldai plazetakoa eta Lamuza parkekoa. Tonbola, tokiko ekoizleen azoka, Go!azen-en ikuskizuna, 'scape room'-a, umeentzako jarduerak, dantzak, bertso-saioa... makina bat ekintza eskaini dituzte herrian zehar. Arratsaldean, aldiz, musikak hartu du protagonismoa, Maider Zabalegi eta Aneguriaren emanaldiekin.
Argazkiak: Irati Serrano Arregui