EH Bilduk aldekartasunez jokatzea leporatu die EAJ eta PSE-EEri, anbulatorio berriaren edo parkearen itxieraren kasuetan

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 2a, 06:00
Agerraldia egin zuen atzo EH Bilduk. / Aiaraldea.eus

Laudioko EH Bilduko udal taldeak indarrean dagoen legealdiaren balorazioa egin du eta aldebakartasunez erabakiak hartzea egotzi dio EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu taldeari, oposizioaren edo herritarren iritziak aintzat hartu gabe.

Indarrean dagoen legealdiak 2 urte bete ditu eta efemeride hori baliatu du EH Bilduk orain arte gertatutakoen balorazioa egiteko. Izan ere, aldizkaria plazaratu du koalizioak eta etxez etxe banatu du.

Edonola ere, atzo agerraldia egin zuten EH Bilduko ordezkariek eta zenbait mezu azpimarratu zituzten bereziki. Alde batetik, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernu taldeari leporatu zioten "burbuila batean bizitzea" eta "gehiengoa baliatzea eztabaidak ekiditeko eta blokeatzeko".

Horren adibide dira, koalizioaren ustez, Osakidetzak iragarri duen anbulatorio berria edo Lamuza parkearen itxiera. "Guk ez dugu parte hartu erabakietan eta ez dugu ezta informaziorik jaso. Dei baten bitartez jakinarazi ziguten sailburuaren bisita eta gauza bera egin zuten parkearen itxierarekin. Gobernuak bere kabuz egin du dena. Ez du ez oposizioarekin hitz egin ezta herritarren partaidetza eskatu. Anbulatorioaren kasuan, herritarrei galdetzeko aukera zegoen, kokapena gutxienez" adierazi zuen Lamia Arcas zinegotziak.

Lamuzako parkearen itxieraren harira, Arcasek honakoa adierazi zuen prentsaurrekoan: "EH Bildu neurri pedagogikoen aldekoa da, eta ez du bat egiten gazteen eta aisialdiaren kriminalizazioan sakontzen duten erabakiekin".

"Etikarik gabeko kontratazio politika"

Koalizioa oso kritikoa izan zen udal gobernu taldearen kontratazio irizpideekin eta "etikarik ez izatea" egotzi zien EAJ eta PSE-EEri. Horren adibide dira, EH Bilduren ustez, Montairen 7 kontratazioak, izotz pistaren kasua (Oropesa del Marren egoitza duen ikus-entzuneko enpresa bati kontratatutakoa) edo lan-poltsak bultzatu ordez, azpikontratazioak erabiltzea.

"Oposizio eraikitzailea"

Aldi berean, orain arte EH Bilduren jarrera zein izan den azaldu zuen atzo Lamia Arcasek: "8 urtez alkatetzan egon ostean, EH Bilduk argi izan du zein izan behar den oposizio eredua; eraikitzailea eta arduratsua, herriaren proiektuak oztopatuko ez dituena".

Jokabide horren zenbait adibide jarri zituen koalizioak: udan harrera programekin Laudiora etortzen diren umeen diru-laguntzak desbloketzea euren herrialdeetan udalekuez gozatu ditzaten, aurrekontuetan ekintza zehatzak proposatzea (tasa eta zergak ez igotzea, alegia), kultura edota talde feministei euren egoerari buruz galdetzea edota baserritarrekin bitartekari lanak egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide