Laudioko txertaketa gunearen aldeko konpromiso errealak hartzea eskatu dio Omniak Udal Gobernuari

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 8a, 07:30

Laudioko txertaketa gunea. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 28ko Udal Osoko Bilkuran talde politiko guztiek aho batez onartu zuten txertaketa gunea zabalik mantentzea eskatzen zuen mozioa. Omniak testuan adostutakoa betetzea eskatu dio EAJri

Laudioko txertaketa gunea zabalik mantentzea eskatzen zuen mozioa erregistratu zuen Omniak ekaineko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatua izan zedin. Testuak Kultura etxean txertaketarako atondutako espazioa zabalik mantentzea exijitzen zien erakunde eskudunei.

Itxieraren inguruan Udal Gobernutik jasotako argudioak balizkoak ez zirela azaldu du Omniak, hala nola: inguruko herrietako beste txertaketa zentro batzuek ere ateak itxi behar zituztela, edota langile kopurua murriztuko zela Osakidetzan udako oporrak zirela eta. Oposizioko taldearentzat, Osasun Sailaren aurreikuspen falta larria da hori, "eskualde oso bat Galdakaoko ospitalera mugitzea eragingo duelako, horrek dituen kalteak kontuan hartu gabe".

Adostasuna udalbatzan

Ekainaren 28an eztabaidatu zen testua Udal Osoko Bilkuran. Aurretik, udal talde politiko guztien artean adostu zuten testua, non, erakunde eskudunei txertaketa gunea zabalik mantentzea "exijitu" beharrean, "eskatzea" idaztea adostu zuten. Omniaren iritziz, moldaketa horrek ez zekarren aparteko aldaketarik testuaren funtsan. 

Oposizioko taldeak uste du ibilbide laburra izango dutela lortutako adostasunak eta Udalbatzatik egindako eskaerak

Testu adostua eztabaidatu eta aho batez onartu zuen Udal Osoko Bilkurak. Omniak positiboki baloratu du lortutako adostasun zabala: "Pozten gara horrelako garrantzia duten gaietan guztiok batera herritarren alde egiteaz".

Orain zer?

Hori da, behin mozioa onartuta, Omniak EAJko Udal Gobernuari luzatu dion galdera: "Zer gertatuko da txertaketa gunearekin mozioa aho batez onartua izan ostean?"

Oposizioko taldeak uste du ibilbide laburra izango dutela lortutako adostasunak eta Udalbatzatik egindako eskaerak: "Ez da ezer gertatuko. Ander Añibarro alkateak argudiatu zuen, besteak beste, berak hainbat dei egin zituela bere herriaren haserrea azalduz eta ezin dela hori baino gehiago egin". Omniak adierazi du "gauza batzuk ez direla bi deirekin konpontzen", eta inplikazio handiagoa eskatu dio alkateari adostutakoa bete dadin, "interes alderdikoien gainetik". 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide