Egoitz Bernaola eta Angel Larrearen lana aitortuko du San Roke Kofradiak

Txabi Alvarado Bañares 2021eko abuztuaren 4a

Egoitz Bernaola -erdian- Joaquin Barbara y Balzaren liburuaren aurkezpenean. Beheko argazkian, Angel Larrea -ezkerrean- Juan Ibarrola Oruetaren liburuaren aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Abuztuaren 16an jasoko dute aitortza bi historialariek, 11:00etan Laudioko San Pedro elizan egingo den mezaren ostean. 

Egoitz Bernaola eta Angel Larreak jasoko dituzte San Roke Kofradiak urtero banatzen dituen pitzarrak. Abuztuaren 16an jasoko dute aitortza bi historialariek, 11:00etan Laudioko San Pedro elizan egingo den mezaren eta Andere abesbatzaren kontzertuaren ostean. 

Modu horretan, bi laudioarrek eginiko lana goraipatu nahi du kofradiak, Joaquin Barbara y Balza margolariaren eta Juan Ibarrola Orueta militar errepublikarraren figurak ikertu baitituzte. 

Ekimen gehiago labean

Igandean egin zuten San Roke kofradiak kide berriak onartzeko ekitaldia. “8 pertsona batu dira, 5 emakume eta 3 gizon. 433 kide gaude gaur egun”, zehaztu du Jose Luis Navarrok. Kofradia maiordomo nagusiak aurreratu duenez, ekimen gehiago dituzte prestatuta datozen hilabeteetarako, baina pandemiaren egoera hobetu arte itxaron nahi dute. 

Alde batetik,  Jose Ignacio Urquijo Valdivieso soziologo laudioarraren liburu berria plazaratu nahi dute. “Kofradiei buruzko lana osatu du, Laudioko adibide moduan hartuta”, azaldu du Navarrok, “izan ere, hemengo anaidiaren kasua nahiko ezohikoa da, erakunde erlijiosoa izan arren, bere jarduna sozio-kulturala delako gehienbat”. 

Beste liburu bat ere dute prest, Igor Castillok idatzitakoa. “Laudioko jatorrizko abizenak ditu hizpide, 1560tik gaur egunerainoko erregistroak ikertuta. XV. mendean hasi ziren abizenak erregistratzen, Trentoko kontzilioaren ostean”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide