ERREPORTAJEA

Laudioko kultura, arnasteko arrakalen bila

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 16a, 07:00
Malen Atxa sortzaile laudioar gazteak kontzertua eskaini zuen iragan uztailaren 24an. / Laudioko Gazte Asanblada

Laudioko Gazte Asanbladako kideek dozenaka kontzertu eta ekimen antolatu dituzte herriko eskaintza kulturala aberasteko helburuarekin. Bide horretan Kultur Sarean elkartutako eragileak izan dituzte bidelagun: Orbeko Etxea, Sorginlarren, Kirikiño, Laudioko Banda... Eragile kulturalek gauzak antolatzeko dituzten oztopo guztiak salatu nahi izan dituzte, herriko eta eskualdeko sortzaileei plaza berriak eskaintzearekin batera. Urratsez urrats, kulturaren mapa berri eta gazte bat ari dira marrazten.

Pandemia egoerak dena gelditu duela dirudienean, Laudioko eragileek ez diote mugitzeari utzi. Maiatzean Laudioko Kultur Sarea jendaurrean aurkeztu zuten herriko hainbat kolektibo eta norbanakok, Lamuza Parkean egin zuten kultur ekimenaren bidez.

Kolektibo horien artean dago Laudioko Gaztetxea. Ohikoan bezala, hainbat jarduera kultural antolatzeko lanetan aritu dira, baina ez dira gutxi izan bidean zehar aurkitu dituzten traba eta oztopoak.

Hain zuzen ere kulturak Laudion bizi duen "egoera larria" salatzea zen maiatzaren 15ean parkean egindako ekimenaren helburu nagusia: "Herrian hutsune handi bat dagoela erakutsi nahi izan genuen" azaldu diote Gaztetxeko kideek Aiaraldea Komunikabideari. Problematika horri heltzeko Orbeko Etxea, Kirikiño, Sorginlarren edota Laudioko Musika Banda dituzte bidelagun. "Udalak eragile kultural guzti horien egitasmoak ito egin ditu prozedura administratiboen bidez".

Aldarrikapenak praktikara eraman ditu Kultur Sareak; bide horretan Kultura Azoka antolatu zuten iragan uztailaren 12an Laudioko Aldai Plazan: "Hainbat sortzaile elkartu eta euren lanak plazaratu zituzten. Horrelako espazioak ezinbestekoak dira sorkuntza bizirik mantentzeko. Ekintzekin demostratu dugu badela gauzak egiteko beste modu bat"

Oztopoak gaindituz.

"Ekintzekin demostratu dugu badela beste eredu bat, kultura herriarena dela"

"Eragile kulturalek ekimenak antolatzeko ditugun traba burokratiko guztiak salatzea da Kultur Sarearen helburu nagusia" azaldu dute asanbladako kideek. Pandemia egoerak, gainera, areagotu egin ditu edozer gauza antolatzerako orduan exijitzen diren errekerimenduak. "Argi utzi dugu Laudioko eragileok gaitasuna soberan daukagula egitasmo desberdinak era arrakastatsuan aurrera ateratzeko" defendatu dute Gazte Asanbladatik. Hamaika dira zerrendatu dituzten adibideak, Tubacexeko langileen aldeko kontzertuak edota Malen Atxak uztailaren 24an parkean eskainitako emanaldia esaterako. 

"Udalak uste du eurak izorratzeko antolatzen ditugula gauzak, eta mesfidantza diete eragile kulturalei. Kontrara, guk herrian hutsune bat ikusten dugulako antolatzen ditugu gauzak, herritar guztien nahiak asetuko dituen eskaintza kultural bat falta delako, gu hori osatzera goaz" aldarrikatu dute.
Orbeko Etxeak apirilean antolatu nahi zuen liburu baten aurkezpena jarri dute traba burokratiko guzti horien adibide: "Dokumentu eta neurri asko exijitu zizkieten eta azkenean ez zieten egiten utzi, erregistratutako elkarte baten izenean antolatu daitezkeelako bakarrik gauzak, ez norbanakoen izenean. Ez du zentzurik".

Aurrera begira

Datozen hilabeteetan Kultur Sareak herriko kultur eskaintza elikatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, eta horrela egingo dute Gazte Asanbladako kideek ere. Aurten Gaztetxeak 20 urte betetzen ditu gainera: "Merezi duen moduan ospatuko dugu ikasturte honetan zehar Laudioko kulturaren erreferentziazko espazio honen urteurren borobil hau".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide