Lapurrak sartu dira gaur gauean Laudioko Santamaria harategian. “Pertsiana igo eta atea behartu dute barrura sartzeko”. Hala azaldu diote establezimenduko arduradunek Aiaraldea Komunikabideari. Euren hitzetan, lapurrek kutxetako dirua eraman dute, eta ez dute produkturik hartu. “Bulegoa ere hankaz gora jarri dute”.
Ertzaintza bertaratu da goizean atestatua ireki eta hatz-markak hartzera.
Kasu gehiago
Honakoa ez da uda honetan Laudioko establezimendu batean jazotzen den lehen lapurreta. Uztailaren amaieran Elizalde kaleko estankoan sartu ziren, erakusleihoko kristala hautsita.
Hala ere, estatistikoki, Aiaraldean ez dira bereziki ugariak horrelako kasuak, EAEko beste toki batzuekin alderatuta behintzat. Erkidegoko kriminalitate tasarik baxuenetarikoa du eskualdeak.