Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

Teknikarien ebazpenaren esperoan dago Laudioko Udal Hiltegia, ateak berriro ere irekitzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abu. 31a, 11:55

Laudioko Udal Hiltegia uztaila hasieran itxi zuten kautelazko neurri gisa. / Aiaraldea.eus

Udalak uztailean itxi zuen kautelazko neurri gisa bertan atzemandako hondakinen kudeaketa akatsak zirela eta. Geroztik hainbat dokumentazio aurkeztu behar izan dute kudeatzaileek, dokumentazio guzti hori udal-teknikarien eskutan dago orain eta beraiei dagokie erabakia hartzea. Azken hilabetetan zerbitzuaren aldeko protesta eta mobilizazioak egin dituzte tokiko ekoizleek.

Laudioko Udal Hiltegia berriro ere funtzionamenduan hasteko esperoan dago. Azpiegituraren ateak itxi zituen uztaila hasieran udalak, kautelazko neurri gisa. Izan ere, tokiko erakundeak akatsak sumatu zituen hondakinen kudeaketa eta tratamenduan.

Atzoko Udal Osoko Bilkuran gaiaz galdetuta, hiltegiaren kudeatzaileei eskatutako dokumentazio guztiaren esperoan daudela azaldu zuen Ander Añibarro alkateak: "Paper guztiak mahai-gainean daudenean bertan jasotakoa lizitazioaren baldintzei eta legediari nola egokitzen den aztertu beharko dute udal-teknikariek". Gauzak hala, teknikarien ebazpenak zehaztuko du azpiegitura berriro ere abian noiz jarriko den.

Dokumentazioa entregatuta

Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Udal Hiltegiko kudeatzaileekin. Ziurtatu dutenaren arabera, udalaren errekerimenduz eskatutako dokumentazio guztia entregatu dute dagoeneko: "Hiru aldiz entregatu ditugu txosten eta agiriak azken hilabetetan, geroz eta gauza gehiago eskatu zaizkigu eta guk aurkeztu egin ditugu guztiak".

Putzu-septikoa hustea eta balizko ur-ihes eta isurketa baten aurrean jarduteko protokolo bat diseinatzea eskatu zaie hiltegiko kudeatzaileei

Arduradunen hitzetan, putzu-septikoa hustea eta balizko ur-ihes eta isurketa baten aurrean jarduteko protokolo bat diseinatzea eskatu diete eta horrela egin dute. "Ez digute bestelako neurririk exijitu. Tristea da hiltegia bi hilabetez itxita mantentzea istripu baten ondorioz", azaldu dute hiltegitik, ekaina amaieran jazotakoa ezbehar bat izan zela azpimarratuz.

Dokumentazio guztia entregatuta, teknikarien esku dago orain honen ebaluazioa eta hiltegiaren ate-irekierari argi berdea ematea. Zerbitzuko kudeatzaileek datorren asterako espero dute ebazpena, "baina hori teknikarien araberakoa izango da".

Ekoizleen protestak

Azken hilabetean hainbatetan atera dira kalera eskualdeko ekoizle eta abeltzainak, "Hiltegia ez itxi" plataformak deitutako mobilizazioetan. Inguruan dagoen gisa honetako zerbitzu publiko bakarra da Laudiokoa. Hau itxita, gertukoena 70 kilometrotara baitago.

Honakoa ez da udal hiltegia ixten den lehenengo aldia izan: 2019an Nerbioi ibaian odol-isurketak detektatu zituen URA agentziak eta azpiegitura behin-behinean ixtea agindu zuen. Hiru hilabetez eten zen bertako jarduera, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin bertan zeuden arazoak konpontzeko inbertsioa adostu zuen arte. Guztira 140.000 euro baino gehiago inbertitu zituen tokiko erakundeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide