Uztailaren 2an itxi zuten Laudioko Udal Hiltegia, kautelazko neurri gisa, udal teknikariek funtzionamenduan hainbat irregulartasun atzeman ondoren. Bertako jarduera hiru hilabetez etenda egon ostean, Laudioko Udalak enpresa kudeatzailearekin duen kontratua bertan behera ebatzi zuen aurreko astean. EH Bilduk EAJren gobernu taldeak zerbitzu publikoarekin hartutako konpromisoak ez betetzea kritikatu du, eta adierazi du jeltzaleak hiltegiaren behin betiko itxiera bultzatzen ari direla.
Udal taldeak gogorarazi du 2019an Ander Añibarro buru zuen taldeak hiltegiaren lehenengo itxiera agindu zuenean abeltzain eta ekoizleen protestek eta oposizioak inbertsioak egiteko egindako lanak ahalbidetu zutela zerbitzu publikoaren berrezartzea. 2020ko urriaren 1ean sartu zen indarrean hiltegia kudeatzeko kontratu berria, eta 2005etik hiltegia kudeatzen egon den enpresa berari esleitu zitzaion. Honek urtebeteko iraupena izango zuen, bai eta bi urtez luzatzeko aukera ere.
EH Bilduk salatu du Udal Gobernuak hiltegia behin betiko ixtea bultzatzen ari dela
EH Bilduk azaldu du kontratazio-teknikariak kontratua suntsitzeko aurkeztutako argudioen artean aipatu zuela hiltegiko administratzaileak titulartasun hori ez zuela. Honek, ordea, horrela jarduteko notario-ahalorde bat zuela azpimarratu du koalizio abertzaleak, udalak eskatu ez zuen dokumentua. "Udalak, arazo gehiago sortu ordez, konponbidea bilatzeko interesa izan balu, kudeatzaileari eskatzea besterik ez zuen", adierazi du Lamia Arcas bozeramaileak. Horrenbestez, udal taldeak hiltegiko kudeatzailearen agerraldia eskatu du udalean.
Hiltegia behin betiko ixtea
EH Bilduren ustez, Ander Añibarroren gobernu taldearen helburua zerbitzua hutsik utziko duen lizitazio-plegua aurkeztea da. "Joan den ostiralean kontratua indargabetzea erabaki zuten, eta zaharkitu, defizitario edo laudioarren beharrei erantzuten ez dien zerbitzu gisa saldu nahi izan digute", adierazi du Arcasek.
Honen aurrean, beste aukera bat dagoela defendatu du EH Bilduk: "egungo inbertsio-proiektua aurkeztea eta obrak zerbitzua finantzatzeko etorkizuneko balizko alternatiben azterketarekin batera gauzatzea".
"EH Bilduk eskualdearekin konprometitutako lehen sektorearen eredua sustatzen eta babesten jarraituko du", defendatu du Lamia Arcas bozeramaileak, "kalitatezko tokiko elikagaiak ekoizten dituelako eta lurraldea modu iraunkorrean kudeatzen duelako; horretarako, hiltegi-zerbitzua ezinbesteko zerbitzua da".
#Udalgintza
— EH Bildu Laudio (@ehbildulaudio) September 13, 2021
@Lamiaarcas, bozeramalea: "Udal hiltegiaren itxiera gertatzen bada, lehen sektorea alternatibarik gabe utziko dugu, erabilitako argudioek behar besteko sendotasunik ez dutela uste dugu eta gaur egungo kudeatzaileen agerraldia eskatuko dugu Udalean" pic.twitter.com/zzivLi5gmq