MIREN BARRENA REBE

“Haurrek nahi duten hori egiten dugu zirku tailerrean, baina gorputz kontzientzia lantzen betiere”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 29a, 07:00

Asteartero eskaintzen ari da Miren Barrena Rebe zirko tailerra Faktorian. / Aiaraldea.eus

MIREN BARRENA REBE (Donostia, 1996) zirku tailerra eskaintzen ari da Faktorian. Duela lau aste abiatu zuten egitasmoa, baina izena emateko aukera dago oraindik, hemen. 

Zirku tailerraren lau saio eskaini dituzu dagoeneko Faktorian. Zer moduz?

Oso ondo, oso ondo pasatzen dut, oso talde majoa dagoelako hemen. Klase hauek normalean aireko oihalekin ematen ditut. Oihalak zintzilikatzen ditugu horien gainean aritzeko, hori baita nire espezialitatea. Baina  hemen momentuz zintzilikatu ezin ditugunez lurreko akrobaziak egiten ditugu: ‘pinua’, txiri bueltak… haurrek nahi duten hori egiten dugu, baina gorputz kontzientzia lantzen betiere. 

Ze zirko disziplina jorratuko dituzue Faktorian?

Lurrezko akrobaziak batez ere. Gorputza erabiltzen ikasiko dugu, gihar-ariketa bakoitzean ze atal erabiltzen ditugun ulertuz. Gorputza luzatzen ikasten ari gara ariketa fisikoa egin aurretik. Beroketa joko bat ere egiten dugu beti, gorputza prest egon dadin. Saltoak egiteko oinarrizko teknika, txiri bueltak, ‘pinuak’, piramideak… sorkuntzak ahalbidetzen digun guztia egingo dugu. 

Oso hastapeneko fasean gaude. Denbora asko behar da ‘pinua’ ondo egiten jakiteko. Malabareak egiteko asmoa ere dugu, eta aireko oihalak zintzilikatzeko aukera badugu ere horretan arituko gara. Oso ondo egongo litzateke hori, umeek oso ondo pasatzen dutelako jarduera horretan. Orain lurrean egiten gabiltzan guztiak balio du gero airean egiteko, eta etorkizunean ere prestatuagoak egongo dira indarra, koordinazioa edo elastizitatea eskatzen duten kirolak egiteko. 

“Ez da beharrezko indartsua edo malgua izatea zirko tailerrean aritzeko”

Edonork parte hartu dezake zirko tailerrean? Edo gutxieneko prestakuntza fisikoa behar da?

Ez. Adibide bat jarriko dizut: jende orok uste du kontortsionismoan aritzen garen pertsonak oso elastikoak garela izatez. Baina askoz hobeagoa da jaiotzez elastikoa ez izatea, alor hori landu eta kontzientzia garatu ahal izateko. Berdina gertatzen da koordinazioarekin: ahaleginik egin gabe ateratzen bazaizu ez duzu kontzientzia garatzen. Kontrara, hasieran ondo ateratzen ez bazaizu, ikasten duzu, eta gorputza gehiago prestatzen da gauza berriak ikasteko. 

Beraz, hobeagoa da akrobata bilakatzea akrobata jaiotzea baino.

Bai, hori da. Ez da beharrezko indartsua edo malgua izatea. Haur batzuk onak dira abilezia jokoetan eta beste batzuk sortzaileagoak dira, dantza egiten dute edo jokoak asmatzen hasten dira… denak balio du. 

“Zirkoa oso arte osatua da, ariketa fisikoa sormenarekin uztartzen duelako”

Badaude eskolaz kanpoko ekintza ugari. Zerk egiten du zirko tailerra berezi?

Niretzako zirkoa oso arte osatua da, ariketa fisikoa sormenarekin uztartzen duelako. Ez da soilik balio baten atzetik korrika joatea. Hori ere ez da sinplea, baina zirko tailer batean baloiaren atzetik joateko ehun modu ezberdin landuko genituzke. 

Horregatik gustatzen zait, sormena lantzen duzulako kirola egiten duzun bitartean, eta nabaritzen zoaz hobekuntza. Oreka, indarra… hartzen zoaz, eta trebetasun horiek ere oso baliagarriak dira eguneroko bizitzan. Haurrek oso ondo pasatzen dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide