Azken orduko sorpresarik ez badago, asteazkenean onartuko dira Laudioko Udal Aurrekontuak, horretarako berariaz egingo den udalbatzan.
Prentsaurrekoa egin dute gaur Udal Gobernuko Taldeko kideek, 2022ko aurreikuspen ekonomikoaren nondik norakoak aletzeko. EAJk eta PSE-EEk osatzen dute gobernua, eta gehiengo absolutua dute. Gauzak hala, gaur aurkeztu dutena izango da, seguraski, asteazkenean onartuko dena.
Laudioko alkateak azaldu ditu aurrekontu proiektuaren alderdi nagusiak:
Asteazkenean onartu nahi ditu Laudioko Udal Gobernuak 2022rako aurrekontuak. Plagintza ekonomiko horren nondik norakoak azaldu dizkigu @anderam89 alkateak pic.twitter.com/UdZS3f1cT3
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) November 22, 2021
Nabarmendu duenez, 22,89 milioi euro baliatuko dituzte guztira. Udal euskaltegiak, bere aldetik, 789.688 euroko aurrekontua izango du. Añibarrok aipatu duenez, jaitsiera egon da iazko aurrekontuekiko, baina “bi diru-partida garrantzitsu” kendu direlako: uraren kudeaketarena (udala Urbiden sartuta aurreztuko delako) eta udal hiletegiarena. “Hala ere, partida horiek kontuan hartuko ez balira, iaztik hona aurrekontuetan %5ko igoera egon dela esan ahalko genuke”, azaldu du Eva Marquinez Blanco zinegotziak.
Udal gobernuko kideek hainbat gauza goraipatu dituzte eginiko lanetik. Alde batetik, nabarmendu dute hirugarren urtez jarraian onartuko dituztela aurrekontuak urtea hasi baino lehen. “Urteko lehen egunetik partidak gaituta egotea ekarriko du horrek”, azpimarratu du Marquienezek. Bestetik, “aurrekontu parte-hartzaileak” direla ziurtatu dute, eginiko partaidetza prozesuetan jasotako ekarpenen “ia %100a” jaso dutelako.
Rokodromoa, parke berriak…
1,59 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara. Sei proiektu nagusi egin nahi dituzte:
- Jose Matia kalean eta inguruan zaborra jasotzeko sistema pneumatikoa ezartzea: 190.000 euro
- Rokodromoa eraikitzea Latiorroko frontoian: 75.000 euro
- Umeentzako gune berria Lamuza parkean: 150.000 euro
- Lamuza 21-35. zenbakietako tartea urbanizatzea: 75.000 euro
- Nagusien zentroa berritzea: 70.000 euro
- Ellakuriko igerilekuetako azpiegiturak hobetzea: 60.000 euro
Antzokia eraikitzeko lizitazioa ere atera nahi dute aurten. Baina, azaldu dutenez, horretarako dirua ez da aiurrekontuetatik aterako, Udal Lur-zoruaren Ondaretik, alegia.
Diru-laguntza berriak
Horrez gain, diru-laguntza berriak abiatzea aurreikusi dute. Hauek nabarmendu dituzte:
- Landa eremuan bizi diren pertsonentzako laguntzak, mugikortasuna errazteko.
- Animaliak hiltegira garraiatu behar dituzten abeltzainentzako laguntzak.
- Gizarte Larrialdi laguntzak (%20ko igoera aurreikusi du udalak)
- Gazteei alokairua errazteko laguntzak.
- Negozioak garatzeko lokalak alokatzeko laguntzak.
- Kontratazioetarako laguntzak, Laudioko langabetuak kontratatzen dituzten enpresentzat.
Diru-sarrerak
Udalaren diru-sarrerei dagokionez, tokiko erakundeak 5,9 milioi euro jasotzea aurreikusi du zerga zuzenen bidez. Marquinez zinegotziak azaldu du ahalegina egin dutela Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga “progresiboagoa” izan dadin; hau da, “Laudioko familiek” gutxiago ordaindu dezaten, jabe handien aurrean.
Europako funtsak
Bestetik, Udal Gobernuko kideek jakinarazi dute milioi 1 euro baino gehiago eskatu dutela Europako Funtseko Next Generation diru-laguntzen deialdian. “10.000 euro eskatu ditugu Hiri Agenda garatzeko eta ia milioi bat Abasto plazako merkatua birgaitzeko”. Nabarmendu dutenez, orain arte Europatik etorri diren laguntza guztietara aurkeztu dituzte proiektuak, eta berdina egin nahi dute aurrerantzean.
Opozisioaren proposamenak
Opozisioko taldeek (Omniak eta EH Bilduk) oharrak plazaratu zituzten iragan astean, aurrekontuei begira zituzten ekarpenak azaltzeko.
Talde politiko horien zenbait ideiarekin bat egin du udal gobernu taldeak (gazteek etxebizitza alokatzeko diru-laguntzarekin, adibidez). Baina udal gobernuak ez du oposizioaren ideia komun nagusia aintzat hartu: Udal hiltegia berriz irekitzeko partida ahalbidetzea. Horren ordez, abeltzainentzako diru-laguntzak eskainiko ditu udalak, animaliak gertuen dauden hiltegietara eramateko.