Espainiako Gabonetako Loteriaren zati bat banatu da Laudioko Casa Resa etxean. 11:00ak aldera zabaldu da berria, 42.833 zenbakiari 4. saria eman diotenean.
Jokalari bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu dezimo bakoitzagatik
Partekatua izan da 4. sari hori, bi zenbakiren artean: 42.833 eta 91.179. Lehenbiziko zenbaki hori da Laudion saldu dena. Hala, jokalari bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu dezimo bakoitzagatik.
Goizean zehar egiten ari dira Espainian zozketa. Goiz erdian jakin dute saria banatu dutela Laudioko establezimenduan, eta handik gutxira hasi dira komunikabideak bertaratzen.
Zenbakia diru etxeko lehiatilan saldu da, 80 pertsonako peña bati. Pozik azaldu da Carlos Resa arduraduna, txanpain botila irekitzear. "Irratia entzuten genbiltzan eta gure zenbakietako bat zela ikusi genuen. Deiak jasotzen hasi gara eta ikusi dugu oso sari banatua zela, nik ohiko bezeroekin antolatutako peña bati egokitu zaio. Oso pozik egongo dira, bazkariren bat egin beharko dugu ospatzeko!".
Ibilbide oparoa
Resak gogorarazi duenez, zorte bolada oparoa izan dute azken urteetan. 2018an 4. saria banatu zuten El Tunel tabernan eta Dastaketa gozotegian. "Horrez gain El Niño zozketako 2. saria banatu genuen duela zenbait urte, 60 milioi euro guztira, eta sekulako eragina izan zuen herrian".
2014an ere busti zuen ekimenak eskualdea. Hain zuzen, Urduñan saldu zen 2. saria urte hartan.