Julen Burgos bakarlariak igo du jada bere lehen kanta sare sozialetara. Laudioarrak Goaz taldean jo zuen eta proiektua amaitu zenean kantak sortzen jarraitu zuen. Pandemiak ekarritako itxialdian, ordea, serioago hartu zuen konposizioa eta abesti sorta atondu zuen.
Horiekin lortu zuen irabaztea azaroaren amaieran Rockein Musika Lehiaketako euskarazko saria. Orduan abeslariak aipatu zuen bere lanak sareratuko zituela apurka-apurka eta pasa den astean bete zuen agindutakoa.
Gauzak horrela, ostegunean agertu zen Youtuben, Spotify eta Deezer plataformetan Betirako ispilua. Abestiak Julen Burgosen soinua jasotzen du, kitarra akustikoa eta elektrikoa eta ahotsa nahastuta.