Aste honetan aurkeztu du Laudioko Udalak 2022rako ibilbide orria. "Plan operatibo bat" da, datorren urtean bete beharreko helburuak zehazten dituena. Erronka horiek guztiak betez gero, legealdi honetarako zehaztutako planaren %86 beteta egongo litzateke urtearen amaierarako, udal gobernuak zehaztu duenez.
Hala ere, nabarmendu dutenez, udalaren jarduna ez da ibilbide-orri horretara mugatuko, tokiko erakundeko arloek euren jardun propioa ere garatuko dutelako urtean zehar.
Ander Añibarro alkateak argitu duenez, bost ardatz ditu datorren urterako planak:
2022rako plangintza aurkeztu du @LaudiokoUdala -k. @anderam89 alkateak azaldu dizkigu ardatz nagusiak pic.twitter.com/GpPY8iaRDB
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 24, 2021
Ardatz ekonomikoa
Ekonomiaren esparruan proiektu izar bat du udalak: Laudio Glass Hub egitasmoa. Udalerrian dauden beiraren sektoreko enpresekin garatu nahi dute ekimena, Laudio "beiraren Europako erreferente" bilakatzeko.
Laudio Berrikusi proiektua ere aktibatuko dute, merkataritza eta ostalaritza suspertzeko. Enpleguari dagokionez, aldiz, 2022an 25 pertsona kontratatzea aurreikusi du tokiko erakundeak, 250.000 euroko inbertsioa eginda. Horrez gain, diru-laguntzak emango dizkiete herriko enpresei, langabetuak kontratatu ditzaten. Enplegurako mahaia ere abiatu nahi dute, "erronkak identifikatzeko eta enplegua hobetzeko programak martxan jartzeko".
Landa eremuaren ardatza
Auzo, hirigune eta landaguneei dagokionez, erronka handia jarri du udalak datorren urterako: Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hastea, 1993tik indarrean dagoen plana berritzeko. Beste egitasmo batzuk ere zehaztu dituzte: landa-taxia ezartzea, zenbait gune asfaltatzea eta kultura deszentralizatzea, besteak beste.
"Eraztun berdearen proiektua" ere aipatu dute, "Laudio txangozaletasun berde eta naturalerako gune gisa kokatzeko".
Espazio eta zerbitzu publikoen ardatza
Ardatz honetan, antzokia da proiektu izarra. Azpiegitura hori eraikitzeko pleguak idatzi nahi dituzte, baina ez hori bakarrik. Kultur Kontseilua abiatzea, kaleak garbitzeko kontratu berria esleitzea eta saneamendu zein hornidura sareak hobetzea ere lortu nahi dute, besteak beste.
Horrez gain, rokodromoa eraiki nahi dute Latiorroko frontoian, eta bulego elektroniko bat ere jarri nahi dute, "izapideak modu autonomoan egin ahal izateko".
Babes eta gizarte-garapen integralaren ardatza
Gizarte-garapenaren esparruan, aldiz, nagusien egoerari erreparatuko diote bereziki. San Rokezar adinekoen kluba berritzeko asmoa dute, eta "funtsezko proiektu" batzuk ere sendotu nahi dituzte: Nahi ez diren
Bakardadeei buruzko Eskola eta Bizi Jardueren Orientazio Zerbitzua. Gizarte-larrialdietarako Laguntzak eta Iraunkortasun Programa ere indartuko dituzte.
Horrez gain, hiru proiektu berri iragarri dituzte:
- Umeentzako parke berri bat eraikitzea Lamuzako parkean.
- Laudioko Emakumeen Kontseilua abian jartzea.
- Gazteen alokairurako laguntza-lerroa aktibatzea.
Udal kudeaketaren ardatza
Barrura begira ere lan ugari egin nahi du udalak datorren urtean. Beste Enplegu Eskaintza Publiko baterako deialdia egin eta egun abian dagoena indartu nahi dute. "Hiri Agenda" ere zehaztu nahi dute, parte hartze prozesu bat eginda, "udalerrian epe ertainean jarraitu beharreko estrategia identifikatzeko". Europako Funtsetan ere jarri dute begirada, eta laguntza horietako hainbat deialditara aurkezten saiatuko dira.