Hemendik aurrera, COVID-19aren aurkako txertoa hartu behar duten aiaraldearrak ez dira Galdakaoko Ospitaleraino mugitu beharko, Laudion izango dutelako txertaketa-puntua. Atzo hasi ziren anbulategian txertatzen, eta bertan jarraituko dute aurrerantzean.
Galdakaon zita eskatuta zuten pertsonek aukera izango dute zita aldatzeko, osasun sistema publikoaren atarian sartuta.
Txertaketa kanpaina Laudion hasi zen aiaraldear askorentzat, Udal Euskaltegiaren eraikinean kokatutako txertaketa puntuan. Baina gune hori ekainean itxi zen, eta protesta ugari eragin zituen erabakiak. Ordutik hona, eskualdeko bizilagunek Galdakaora jo behar izan dute birusaren aurkako dosiak jasotzera, kiroldegira lehenbizi eta ospitalera gero.