Nondik ateratzen dira La Milagrosako ikasleek ibaian topatutako ur beltzak?

Aitor Aspuru Saez 2022ko urt. 6a, 11:00
La Milagrosa Ikastetxeko gazteak laginak hartzen Aretan. / La Milagrosa

La Milagrosa Ikastetxeko DBHko hirugarren mailako ikasleek ur beltzen arrastoak topatu dituzte Nerbioi ibaian. Herritarrek isurtzen dituzten gorotzek eta pixek eragin dezakete hori, batzuek putzu septikoa erabili ordez, nahiago baitute hondakin mota horiek zuzenean ibaira sistematikoki isuri.

Azaroaren 11n, La Milagrosa Ikastetxeko DBHko hirugarren mailako ikasleek uraren eta ornogabeen laginak hartu zituzten ibaiaren bi eremutan, Gardean eta Aretan. Lagin horiek hezkuntza zentroko laborategietan aztertu zituzten eta emaitzak ez ziren bereziki positiboak izan.

Alde batetik, Areta aldean jasotako ur-laginetan, zehazki, Nerbioi ibaiak Altube ibaiarekin bat egin aurretik, bakterio koliforme gehiegi atzeman dituzte. Hondakin beltzen adierazle argiak dira horiek. Ondorioz, ez da edateko eta bainatzeko ur egokia.

Horrez gain, bi laginketa-eremuetan, fosfatoen kopurua 4ppm-koa da (miligramo/litro = miloi bakoitzeko zatiak). Balio egokiak 1 ppm-tik beherakoak izan beharko lirateke, eta horrek erakusten du ura kalitate txarrekoa dela.

Gainera, uraren oxigeno-saturazioaren emaitzak, bi eremuetan, % 30etik beherakoak dira, balioa % 90ekoa izan ordez. Horrek larriki zailtzen du uretan bioaniztasuna garatzea.

Ur beltzak Nerbioi ibaian

Herritarren artean eskualdeko industriaren kontrako susmoa oso zabalduta dago Nerbioi ibaiaren egoerari buruz, baina gutxiago erreparatzen zaio etxebitzen jokaerari, ibaiari eta errekei dagokienez.

Aiaraldea Komunikabideak bi laudioarren salaketak jaso ditu azken urteotan, zeinetan amorrua adierazi duten zenbait komunitatetan izandako eztabaidei buruz ur beltzen kudeaketen esparruan. Izan ere, Landaluze eta Latiorroko bi eraikinetan eztabaidatu zen zer egin hondakin horiekin.

(Putzu septikoan egindako bypassaren argazkia)

Bi kasu horietan, auzokideek mahai gainean jarri zuten ur beltzak desbideratzeko aukera euri-urak husteko sare publikora, bypass bat egikarituta putzu septikotik. Landaluzen auzokideek aukera hori alboratu zuten- Latiorron, ordea, aurrera egin zuen ideiak.

Hain zuzen, urteak daramatza eraikin horrek ur beltzak ibaira botatzen. Modu horretan, putzu septikoa husteko eta hondakinak tratatzeko gastuak aurrezten dituzte.

Egoera konpontzeko beharra

Aintzat hartuta Basaurbeko araztegiaren proiektua gero eta aurreratuagoa dagoela, horrelako egoerak konpontzeko premia handia izango du eskualdeak eta erakundeen ardura da hori. Izan daiteke Latiorroko kasua bakarra izatea, baina Laudioko ibaiak eta errekek erakusten duten usaina eta itxura iradokitzen dute ez dela egoera isolatua.

Zentzu horretan, La Milagrosa Ikastetxeko gazteen ondorioa argia izan da, are gehiago alderatuta duela hiru egin ziren laginketa eta analisiekin: "Hiru urte pasatu dira lehenengo azterketa egin genuenetik. Esan dezakegu ez dela ezer aldatu eta ez dela ezer egin gure ibaiko zauriak sendatzeko". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide