Uhinak izenburua izango du Korrikari buruz ekoitzitako dokumentalak. Txakur Gorria Kolektiboak eta AEKk sortu dute, eta ostiralean aurkeztuko dute Faktorian. Iragarri dutenez, sarean jarriko dute eskura gerora, eta herrietan emanaldiak antolatuko dituzte.
Estreinaldia Faktorian izango da, 20:30ean. Bertan hartuko dute hitza Asier Amondo Korrikako arduradunak eta Txakur Gorria kolektiboko kideek, besteak beste. Ekitaldia doakoa da, baina beharrezkoa da aurretik izena ematea.
“Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan", zehaztu dute egileek sinopsian.
Aiaraldea Komunikabideak ekitaldiaren jarraipen berezia egingo du. Trailerra sarean dago jada: